Itxi

Gizartea

Hondarribiko alardea

Plastiko beltzik gabe eta berdintasunaren aldeko oihuen artean desfilatu du alarde parekideak

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Aurtengo alardea berezia izan da Jaizkibel konpainiarentzat, 25 urte bete baititu. Gainerako konpainiek ordubete geroago egin dute euren desfilea, bi urteko etenaldiak ez baitu zatiketa hautsi.

0:44
Jaizkibel Konpainia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Bi urteko etenaldiaren ostean, heldu da egun handia Hondarribira (Gipuzkoa). Hori bai, beste behin ere, zatituta ospatu dute jaia. Alarde parekidea izan da abiatzen lehena (08:00), eta jai giroan egin du ibilbidea Jaizkibel konpainiak. Ez da plastiko beltzik izan, eta herritar batzuk Kale Nagusian bizkarra emanda izan badira ere, berdintasunaren aldeko oihuak ("Emakumeak Alardean", besteak beste) gailendu zaizkie.

Aurtengoa urteurren berezia da Jaizkibel konpainiarentzat, 25 urte betetzen direlako emakumeak desfilatzen lehenengoz irten zirenetik. 1997an atera ziren aurrenekoz.

Gernikako Arbola plazatik abiatu dira Jaizkibelekoak, Oihana Etxebarrieta kapitaina buru zutela, eta herriko kale nagusiak zeharkatu ondoren, Sainduaren ermitan amaitu du bere ibilbidea emakumeek eta gizonek osatutako taldeak.

Desfilea amaituta, "goiza zoragarria" izan dela azpimarratu du Etxebarrietak. Horren esanetan, "Jaizkibel gero eta handiagoa da, konpainia erraldoia gara, inoiz ez dugu plaza horrela bete". Nabarmendu duenez, gaurko eguna "oso garrantzitsua" izan daiteke konponbidean aurrera egiteko, eta zehaztu du Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateari (EAJ) gutuna bidali diotela, behin festak amaituta, "berak zuzenduko lukeen elkarrizketa prozesu bat martxan jartzeko" eskatuz. 

Kale Nagusian izan den giroaz galdetuta, Jaizkibeleko kapitainak "ederra" izan dela esan du: "Buruan genituen 2019ko irudiak, baina aurtengoak are hobeak izan dira, txalo zaparradak gure musika ez entzutea ekarri baitu. Hori ederra da". 

Jaizkibelen desfilearen une bat.

Jaizkibelen desfilearen une bat. Argazkia: EFE

Emakunderen eta alderdi politiko batzuen babesa

Emakundek, Arartekoak eta EH Bildu, Podemos eta Ezker Anitza-IU indar politikoek Jaizkibel konpainia babestuko dute, eta Hondarribiko alardean parte hartzea aldarrikatuko dute.

Landaida adierazpenak egiten Hondarribian.

Landaida adierazpenak egiten Hondarribian. Argazkia: EITB Media

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak "babesa, eskerrak eta zorionak" helarazi dizkio Jaizkibel konpainiari, 25 urteotan "egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik". Nabarmendu duenez, "tradizioak testuinguru jakinean sortzen dira, eta egoki behar dira garai berrietara. Hori ez da tradizioaren kontra joatea, baizik eta aberastea, emakumeei eta gizonei eskubide berberak emanda". 

Era berean, aitortu du "itxaropentsu" daude Guztion Alardearen ekimenarekin, "ondo onartua izan delako herrian", eta espero du pausoak ematen jarraituko dutela. 

Ildo beretik mintzatu da Maddalen Iriarte EH Bilduk Legebiltzarrean duen eledunak. "Beste urte batez", Jaizkibel eta alarde parekidea babestu ditu "25 urte hauetan askatasunaren, berdintasunaren eta jaiak elkarrekin gozatzearen alde egin duten lanagatik". Horren iritzian, "beste herri batzuetan bere tradizioak oso ondo egokitu garai berrietara, baina oraindik badaude min egiten diguten tokiak eta horietako bat, zoritxarrez esaten dut, Hondarribia da". Horren ildoan, gogorarazi du berdintasuna oinarrizko eskubide bat dela eta Udalari, Aldundiari eta Jaurlaritzari eskatu die oinarrizko eskubide hori babestu dezatela, "bestela matxismoa eta autoritarismoa gailentzen direlako".

Garbiñe Ruiz Podemos Euskadiko Feminismoetako idazkariak ere Hondarribiko Udalaren esku utzi du egoera konpontzearen giltza. Izan ere, gogorarazi duenez, 2017tik Arartekoaren idatzi bat dago udal guztiei zuzenduta lan egin dezaten "tradizioak giza eskubideekin eta erakundeetatik aldarrikatzen ditugun legeekin batera eboluzionatzeko". Ruizen ustez, Hondarribiko Udalak "funtsezko zeregina duela egoera hori konpontzeko, noizbait egoeraren gidaritza hartu behar baitu, bere jaietan gertatzen denarena, eta urtero bere kaleetan bizi den berdintasun arazoa konpondu behar baitu". Azkenik, poza agertu du aurten Hondarribiko kaleetan atzeman den "nolabaiteko normaltasunarekin". 

Beste behin, bi desfile

Ordubete eskas geroago, 09:00etan, alarde baztertzaileak bide berbera egin du. Emakumeek kantinera gisa bakarrik har dezakete parte alarde hori osatzen duten konpainietan. Iñaki Sagarzazu burgumaisua buru zutela, txalo artean egin dute kale Nagusiaren eta Arma Plazaren arteko ibilbidea. Plazan hainbat aldiz tiro egin dute eta Hondarribiko bandera altxatu. 

09:00etan atera da alarde 'tradizionala'.

09:00etan atera da alarde 'tradizionala'. Argazkia: EITB MEDIA

Arratsaldeko desfileak, berriz, Sainduaren ermitatik abiatuko dira. Jaizkibel konpainiarena, 17:00etan, eta alarde baztertzailearena, 17:30ean.

Jaizkibelek 25 urte

Konpainia mistoak azken 25 urteetan bizi izandako une "oso gogorrek merezi" izan dutela diote Jaizkibeleko arduradunek. 20 bat izan ziren orduan, eta egun, 1.000 gizon eta emakume inguru dira. Alarde parekide eta bakarra aldarrikatzen jarraitzen dute. Horretarako, argi daukate erakundeen inplikazioa eta elkarrizketa direla beharrezkoak.

1638. urtean, tropa frantsesek Hondarribia bi hilabetez setiatuta izan zuten, eta erasoaldi hura gainditu izana ospatzen dute urtero, irailaren 8an, hondarribiarrek.