Itxi

Gizartea

Alardea

Bi urteko etenaldiak ez du egoera aldatu eta Hondarribiak bi desfile hartuko ditu berriro

EITB Media

Aurtengoa urteurren berezia da Jaizkibel konpainiarentzat, 25 urte betetzen direlako lehenengoz emakumeak desfilatzen irten zirenetik. 1997an atera ziren aurrenekoz.

  • Hondarribiko (Gipuzkoa) alardea. Artxiboko argazkia: Euskadi Irratia

    Hondarribiko (Gipuzkoa) alardea. Artxiboko argazkia: Euskadi Irratia

Bi urteko etenaren ostean, Hondarribian (Gipuzkoa) heldu da egun handia. Hori bai, beste behin ere, zatituta, ospatu dute jaia.

Aurtengoa urteurren berezia da Jaizkibel konpainiarentzat, 25 urte betetzen direlako lehenengoz emakumeak desfilatzen irten zirenetik. 1997an atera ziren aurrenekoz.

Urte hauetan guztietan bizi izandako une "oso gogorrek merezi" izan dutela diote. 20 bat izan ziren orduan, eta egun 1.000 gizon eta emakume inguru dira.

Alarde parekide eta bakarra aldarrikatzen jarraitzen dute. Horretarako argi daukate erakundeen inplikazioa eta elkarrizketa direla beharrezkoak.

Jaizkibel konpainiaren desfilea 08:00etan abiatu da Gernikako Arbola plazatik, eta herriko kale nagusiak zeharkatu ondoren, Sainduaren ermitan amaitu du bere ibilbidea emakumeek eta gizonek osatutako taldeak.

Ordubete eskas geroago, 08:55ean, alarde baztertzaileak bide berbera egin du. Emakumeek kantinera gisa bakarrik har dezakete parte alarde hori osatzen duten konpainietan.

Arratsaldeko desfileak, berriz, Sainduaren ermitatik abiatuko dira. 17:00etan, Jaizkibel konpainiarena, eta 17:30ean, alarde baztertzailearena.

Emakundek, Arartekoak eta EH Bildu, Podemos eta Ezker Anitza-IU indar politikoek Jaizkibel konpainia babestuko dute, eta Hondarribiko alardean parte hartzea aldarrikatuko dute.

Aurreko urteetan herritar batzuek plastiko beltzekin Jaizkibel konpainiaren aurka protesta egin dute kale nagusian.

1638. urtean tropa frantsesek Hondarribia bi hilabetez setiatuta izan zuten, eta erasoaldi hura gainditu izana ospatzen dute urtero, irailaren 8an, hondarribiarrek.