Itxi

Gizartea

IKASTURTE BERRIA

Ordezko 2.300 irakasleri atzerapenekin esleitu dizkiete plazak, arazo teknikoak tarteko

EITB MEDIA

Plaza eskaerak egiteko eta esleitzeko webguneak arazoak izan ditu azken egunetan. Hortaz, irakasleek azken orduetan ezagutu dute non emango dituzten eskolak.

  • Umeak ikasturte berria hasten. EFEko artxiboko irudia

    Umeak ikasturte berria hasten. EFEko artxiboko irudia

Ostegun honetan ekingo diote Euskadiko ikasleek ikasturte berriari, eta irakasleen ordezkapenak banatzeko webgunean arazoak izan dira azken egunetan. Hortaz, 2.300 irakasle inguruk eguneko azken orduetan ezagutu dute non eman behar dituzte eskolak.

Arratsaldeko 12:00etatik 15:30ak arte zuten hezkuntzako behin behineko profesionalek aukeraketa hori egiteko tartea, euren puntuazioaren arabera, baina 20:00ak arte luzatu du Hezkuntza Sailak.

Ikasturtea hasten ari garen honetan, ikastetxe publikoetako ordezkapenak banatzeko eta kudeatzeko erabiltzen den webgunea, ordezkagunea, ez dabil behar bezala. Herenegun ere gauza bera gertatu zen. Egoera honen aurrean aurreikuspen falta salatu dute sindikatuek. 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez, Ordezkagunea plataforma badabil asteazkeneko 16:30etik, aurreko orduetan arazoak izan ostean. Arazo horiek plaza libreak eskatu nahi zituen irakasleei eragin diete, bai ordezkapena eskatu nahi dutenei baita ikasturte osoko lanpostu hutsa eskatu nahi dutenei ere. Eskatzaileek ezin zuten plazak kudeatzeko plataforman sartu, eta ez zuen jakiterik nora joan behar duten lanera ostegun honetan, eskolako lehen egunean.

Hori dela eta, azken egunotan sortutako 2300 lanpostu hutsetako zati batean eragina izan du horrek denak. Hezkuntza Sailak azaldu du plaza finkorik ez duten irakasleen gehiengoak (11.000 bat irakaslek) uztailaren 15ean jakin zutela non emango duten eskola 2022-2023 ikasturtean; hori lehen aldiz izan da horrela, kontuan izanik aurreko ikasturteetan irakasleek abuztuan jaso dutela informazio hori.

Hezkuntzak beste esleipen bat egin zuen abuztuaren 31n, 1.000 bat lanpostukoa, eta "azken orduko" lanpostu hutsak soilik geratzen ziren, hau da, egun horretatik sortutakoak, 2.300 inguru. Horietako hainbati eragin diete azken orduetako arazo informatikoek.

Miren Zubizarreta ELA sindkatuko hezkuntza arduradun azaldu duenez, gertatutakoa "kaotikoa" izaten ari da erabaki "inprobisatuak" medio. Irati Tobar LABeko irakaskuntzako arduradunak aurreikuspen eta planifikazio falta kritikatu ditu eta STEILASeko Nagore Iturriozek "lotsagarritzat" jo du egoera eta esan du okerrena dela bihar ikastetxeetan egon beharko luketen langile horiek gaur-gaurkoz ez dakitela non egongo diren.

Steilasek salatu du egoera hau udan zehar ere ezaguna zela, baina irailaren 7ra iritsi gara eta plataforma ez zebilen: "Oraingoz, ordezkapen horiek bete gabe jarraitzen dute, eta hori langileekiko errespetu-falta handia da, aurreikusi ahal baitzen", berretsi du.

CC. OO. sindikatuak ere salatu du lanpostuak esleitzeko prozesuan "inprobisazioa" dela nagusi, hasieratik; izan ere, lanpostuen ezaugarrietan etengabeko aldaketak izan dira, esleituta zeuden beste batzuk desagertu egin dira, eta prozesuak modu desberdinetan kudeatu dituzte, lehenik Hezigunearen bidez, eta orain Ordezkagunearen bidez: "Azkenean, parte hartu duten milaka pertsonaren pazientzia asaldatzea lortu dute".

CC. OO. sindikatuaren iritziz, "parte-hartzaileen larritasunez gain, zentroetan dagoena gehitu behar dugu; egiteke dauden bilerak dituzte, eta behin betiko lantaldea zein izango den ez dakite".

Ordenagailu aurrean zain dauden behin behineko irakasleak ere haserre azaldu dira: "Arazo asko izaten ari gara aplikazioan sartzeko eta familia asko gaude atzetik", azaldu du irakasle batek, urduri, Euskadi Irratiko mikrofonoen aurrean. 

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak hainbat galdera egin dizkio Hezkuntza Sailari, plataformako arazoen gainean. Arresek nahi du Hezkuntzak argitzea noiz jabetu diren Ordezkaguneako arazoez, zenbat langileri eragin dien egoerak, zenbat lanpostu ez diren esleitu, eta zein neurri hartu dituzten, alde batetik arazoa ahalik eta lasterren konpontzeko, eta, bestetik, ziurtatzeko ez dela errepikatutako.