Itxi

Gizartea

iparraldea

Euskal Diasporaren Eguna hartuko du Donibane Garazik ostegunean

agentziak | eitb media

Lehendakaria eta Ipar Euskal Herriko Elkargoko presidentea izango dira ekitaldi instituzionalean.

  • 2019ko Euskal Diasporaren eguneko ospakizuna. Argazkia: EFE

    2019ko Euskal Diasporaren eguneko ospakizuna. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Elkargoak Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute irailaren 8an, Donibane Garazin. Hala, erakundeek ekitaldi berezia egingo dute, "Pirinioetako alde banatako euskal herritarrak atzerrian elkartzen dituen errealitate kulturalari aitortza" egiteko.

Baterako ekitaldiak "euskal emigrazioak izan duen eta daukan garrantzia ezagutaraztea eta aitortzea" du helburu.

Azaldu dutenez, aurten ekitaldiak antolatzen ari dira munduko Euskal Etxe desberdinetan. Egunotan zehaztuko dira, eta irailaren 8an bertan plazaratuko den "Munduko Agenda" osatuko dute. Ekitaldiak egingo dituzte Argentinan, Belgikan, Kanadan, Txilen, Kolonbian, Espainian, Estatu Batuetan, Frantzian, Perun, Erresuma Batuan eta Uruguain, besteak beste.

Ekitaldi instituzionala

Irailaren 8an izango da ekitaldi instituzionala, arratsaldeko 18:00ean, Donibane Garaziko Merkatu Estalian, eta Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jean-Rene Etchegaray Ipar Euskal Herriko Elkargoko presidentea izango dira bertan.

Gainera, Laurent Inchauspe alkatea, Marian Elorza, Joseba Erremundeguy eta Bidasoako alde banatako bestelako agintariak ere bertaratuko dira.

Era berean, euskal diasporarekin harreman zuzena duten familiak bertaratzea espero da; kulturaren, akademiaren eta politikaren munduetako zein gizarte erakundeetako ordezkariekin batera. Horiez gain, ekitaldiaz gozatu nahi duen edozein herritar ere gerturatu daiteke bertara.