Itxi

Gizartea

Bilbo

Suak kaltetutako Bilboko eraikinean topatutako piroteknia arrastoak erakutsi dituzte bizilagunek

EITB MEDIA

Auzokideek salatu dute ez dakitela gertakaria argitzeko ikerketarik abitu den, eta Aste Nagusiko su artifizialen kokalekua aldatzea eskatu dute. Halaber, Bilboko suhiltzaileen eta Udaltzaingoaren lana goraipatu dute, eta konpartsen babesa eskertu dute.

  • Bilboko Areatzan sute batek kaltetutako eraikineko patioan topatutako piroteknia arrastoak.

    Bilboko Areatzan sute batek kaltetutako eraikineko patioan topatutako piroteknia arrastoak.

Bilboko Areatzan sute batek kaltetutako eraikineko patioan topatutako piroteknia hondakinen argazkiak publiko egin ditu auzokideen erkidegoak, eta salatu dute ez dakitela agintariek gertakaria argitzeko ikerketarik abian jarri dutenetz.

Gaur zabaldutako agiri batean, bizilagunek adierazi dute faltan bota dutela "agintariek komunikazio, koordinazio, informazio eta gardentasun handiagoa izatea horrelako gertakarien ondoren jarraitu beharreko epeei eta urratsei buruz".

Ildo horretatik, kritikatu dute ikerketari buruzko informaziorik ez dutela. "Martxan dagoen ikerketa ofizialik ba ote dagoen, nork egingo duen, eta, halakorik ez badago, zergatik eta nola aktibatuko litzatekeen jakin nahi dugu", azpimarratu dute.

Suhiltzaileen txostena ikustea ere eskatu dute, "Udala bezala, auzokideen erkidegoa ere alderdi interesduna baita". Era berean, "Surbisaren txosten teknikoa eskuratzea gustatuko litzaiguke, eraikinaren egoerari eta etxebizitzetan sartzeko dauden balizko arriskuei buruzko informazioa izateko", gaineratu dute.

Sua nola piztu zen argitu bitartean, bizilagunek azpimarratu du "urtero" erortzen direla su-artifizialen hondakinak Epaltzaren Alarguna eta Esperantza kaleetako eraikinetako teilatuetan.  

Halaber, gogorarazi dute aurrez ere izan direla "pirotekniak eragindako sute txikiak", eta auzokideak izan direla Udaltzaingoan abisua eman dutenak.

Horrez gain, herritarren laguntza eskatu dute gertakariari buruzko informazioa biltzeko, eta posta elektroniko helbide bat (epalzalarguna9@gmail.com) sortu dute haiekin harremanetan jarri ahal izateko.

Piroteknia hondakinak suak kaltetutako eraikinean.

Piroteknia hondakinak suak kaltetutako eraikinean.

Bestalde, nabarmendu dute 14 etxebizitza hustu zituztela, eta, oraindik, familia bakar bat bera ere ezin izan dela bueltatu. "Etxeetako bat erabat suntsituta gelditu da, eta bizilagunak ezingo dira hilabeteetan itzuli", ohartarazi dute.

"Zazpi Kaleetako eraikin gehienen egiturak egurrezkoak direla kontuan hartuta, inori ezer gertatu ez bazaio edo kalte materialak handiagoak izan ez badira, bizilagun batek larrialdi zerbitzuetan abisua berehala eman zuelako, suhiltzaileek eta udaltzainek azkar esku hartu zutelako eta zoria alde izan dugulako izan da", adierazi dute.  

Gauzak horrela, Aste Nagusiko su artifizialen kokapena aldatzeko unea iritsi dela azpimarratu dute, "etorkizunean, Zazpikaleetako bizilagunek, gainerako herritarrek bezala, lo lasai egin dezagun, eta su artifizialen ikuskizunaz gozatu dezagun".

Beste alde batetik, auzokideen erkidegoak Bilboko suhiltzaileen eta Udaltzaingoaren lana goraipatu du. "Bere profesionaltasunari eta eraginkortasunari esker, sua azkar kontrolatu zen, eta ezbeharra larriagoa izatea saihestu zen", adierazi dute.

Halaber, Gizarte Ekintzako langileen parte hartzea eskertu dute, "ostatu alternatiborik ez zuten familiei lagundu zietelako".

Eta, amaitzeko, Bilboko konpartsen jarrera nabarmendu dute, "hasieratik babestu gintuztelako, janaria eta edaria emanda, eta jai gunea husten lagunduta".