Gizartea
Hezkuntza
Ikasturte berria covid-19aren kontrako neurririk gabe hasiko da EAEn
B. F. | EITB Media
Lehendakariak Gobernu Kontseiluko bileraren ondotik adierazi duenez, ez da koronabirusaren protokolorik egongo Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan.
-
Haurrak, eskolan. Argazkia: EFE
Ikasturtea covid-19aren kontrako neurririk gabe abiatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, Iñigo Urkullu lehendakariak ikasturteko lehen Gobernu Kontseiluko prentsaurrekoan azaldu duenez.
Nafarroan bezala, ikasle, irakasle zein administrazioko langileek normaltasun osoz hasiko dute 2022-2023 eskola urtea.
Urkulluk prentsaurrekoko galderen txandan adierazi duenaren arabera, gaur bertan bidaliko da ikastetxe guztietara irailetik aurrerako jarraibideen gida.
Bertan, orain arteko neurri guztiak bertan behera gelditzen direla azaltzeaz gain, "gizartea oro har zaintzeko neurriak" gogoraraziko ditu Jaurlaritzak. Bada, Hezkuntza eta Osasun Sailek neurri murriztaileak baztertzea erabaki duten arren, pandemiaren aurrean erne egoten jarraitu behar dugula azpimarratu du Urkulluk.
Ikastetxeetara bidaliko den gutunean, Hezkuntza Sailak hainbat gomendio zehaztu ditu: gelak behar bezala aireztatzea, txertaketari buruzko gomendioei kasu egitea, eskuak sarri garbitzea, sintomei adi egotea eta eskolako garraioan maskara erabiltzea (6 urtetik aurrera).