Itxi

Gizartea

Ingurumena

Hiltegi batek Urola ibaian odola isuri duela salatu du Eguzkik

Agentziak | EITB Media

Urkaiko hiltegitik datorren odola agertu da Zestoan (Gipuzkoa). Eguzkik azpimarratu duenez, odola isurtzea "ia % 100ean ekidin daiteke".

0:39
Vertido en el río Urola. Imagen: Eguzki

Eguzki talde ekologistak Urola ibaian izandako isuri bat salatu du, Iraetan, Zestoan (Gipuzkoa). "Urkaiko hiltegiko odola dela ematen du", azaldu dute.

Urkaiko hiltegiak EITB Mediari esan dionez, apurtutako kutxatila batek eragin du isuria, eta arazoa jadanik konponduta dago.

Eguzkik azpimarratu duenez, Urkaikok, araudi berriari jarraituz, kamerak jarri ditu hiltegiaren barruan, "gauzak behar bezala egiten direla eta ganadua sakrifizio ahalik eta txikiena eginez hiltzen dela bermatzeko".

"Ondo dago, baina irudiak ikusita, argi dago, beste esparru batzuetan behintzat, hiltegiak ez duela behar bezala funtzionatzen, ez baita odola ibaira iristen den lehen aldia", deitoratu du.

Talde ekologistaren ustez, isurketa horren "larritasuna areagotzen" duten bi faktore daude. Batetik, Urola ibaiak egun hauetan ur gutxi darama, eta horrek "kutsaduraren eragina ibai-ekosisteman gehiago nabarmentzea eragiten du".

Bestetik, Eguzkik azpimarratu duenez, odola isurtzea "ia % 100ean ekidin daiteke", eta gogorarazi du odol lehorra "aspalditik" erabiltzen dela nekazaritzan eta lorezaintzan ongarri gisa. Izan ere, "nekazaritza ekologikoan baimendutako produktuen artean dago".