Gizartea
Gasteiz
Psikiatria-zentro batean sartu da Gasteizen etxean bost ordu baino gehiago gotortuta eman zituen gizona
EITB MEDIA
53 urteko gizonak espetxean igaro du gaua. Igande arratsaldean gainean zeraman aizkorarekin mehatxuak egin zituen, eta eraikinaren barnealdean, hainbat gutunontzi apurtu, internet eta argindar kableak moztu eta sutea piztu zuen.
Psikiatria-zentro batean sartu da igande honetan Gasteizen bost ordu baino gehiago gotortuta eman zituen 53 urteko gizona. Astelehen goizean epailearen esku geratu da, agenteen aurkako erasoa, mehatxuak eta kalteak egotzita. Deklaratu ondoren, guardiako epaitegiak psikaitria-zentro batera bidali du.
Gizona bere etxean gotortu zen, 14:30etik 19:45ra, Ertzaintzak atxilotzea lortu zuten arte.
Segurtasun eta larrialdi zerbitzuak agertu bezain pronto, gizonezkoa teilatura igo eta teilak jaurti zituen. Gainean zeraman aizkorarekin mehatxuak egin zituen, eta eraikinaren barnealdean, hainbat gutunontzi apurtu, internet eta argindar kableak moztu eta sutea piztu zuen. Ondorioz, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak eraikina hustu behar izan zuten, baita kalea ia erabat itxi ere.
Tokira suhiltzaileak ere gerturatu ziren, gizonak sute bat hasteko mehatxua egin baitzuen. Momentu batean gizona kalera jaitsi zen eta eraikinera bueltatzean, bertatik kea irtetzen hasi zen.
Suhiltzaileak eraikiner sartu ziren sua itzaltzeko, eta era berean, Ertzaintzako agenteek etxebizitzara sartu ahal izan zuten. Gizona bertan atxilotu zuten.