Itxi

Gizartea

IPARRALDEA

Tren zerbitzua eten dute Kanbo eta Donibane Garazi artean, luizi batengatik

EITB MEDIA

SNCF konpainiak autobus zerbitzua jarri du ibilbide hori egiteko. Kanbotik Baionarako zerbitzua ere etenda egon da ordu batzuk baina normaltasunez dabiltza trenak orain.

  • Donibane Garaziko tren geltokia. Argazkia: wikipedian.

    Donibane Garaziko tren geltokia. Argazkia: wikipedian.

Trenen zirkulazioa etenda dago azken 24 orduetan Kanbo eta Donibane Garazi artean, SNCFk jakitera eman duenez.

Konpainiak bere webgunean zabaldu duen oharraren arabera, lur-jausia izan zen atzo goizean tarte horretan eta trenen joan-etorria eten egin behar izan zuten. Hala, autobusak jarri dituzte bi udalerrien artean, Lapurditik Behe Nafarroara eta alderantziz, bidaiatzeko.

Hasiera batean Baionara arteko tren zirkulazio osoa eten zen, baina atzo arratsaldetik normaltasunez dabiltza Kanpo eta Baiona arteko trenak eta soilik Kanbo eta Donibane Garazi artekoa geratu da etenda.

Luizia zergatik izan den argitzeko lanean ari dira une honetan teknikariak, zirkulazioa berrezartzeko garbiketak egitearekin batera.

SNCFtik jakitera eman dutenez, astelehen goizean erabakiko dute trenbidea ireki daitekeen ala ez.