Itxi

Gizartea

Lehortea

Probak egiten jarraitzen dute larunbat honetan Busturialdea urez hornituko duen itsasontzian

EITB MEDIA

Aipatutako udalerriaz gain, Mundakak, Sukarrietak eta Busturiak ere jasoko dute edateko ura ontzitik.

0:44
Barco en Bermeo

Ostiral arratsaldean iritsi zen Bermeora Busturialdea edateko urez hornituko duen itsasontzia, eta larunbat honetan probak egiten jarraituko dute. Mundaka, Sukarrieta eta Busturia udalerriek jasoko dute ontziko ura, Bermeoz gain; kontuan izanik eskualdea hornitzen duten bideen egoera okerragotu egin dela azken egunotan, larrialdi-egoera lehengoratzeko prezipitazio nahikorik egon ez delako eta tenperatura altuko egun ugari izan direlako, proba guztiak eginda has liteke lanean itsasontzia.

Itsasontziak ibilbide bakoitzeko 4.000 metro kubiko garraiatzeko gaitasuna izango du, eta, aurreikusitakoaren arabera, urriaren erdialdera arte egongo da martxan. Gutxi gorabehera, 2.000 metro kubikoko ekarpen garbia egingo du egunean; beraz, segundoko 23 litro hornituko ditu.

Hori bai, ez da azken asteotan hartutako neurri bakarra, larrialdi-egoerari aurre egite aldera. Busturialdeko herrietan, ur-zerbitzuaren presioa nabarmen murriztu da gauean, gauerditik goizeko seietara arte, ur-horniduran aurrezpenak handitze aldera.

Arazoari behin betiko irtenbidea emateko, Busturialdeko sarea Zadorraren Sistemara lotzen duen azpiegitura bat eraikiko da, Ur Partzuergoaren 2022-2025 inbertsio-programan aurreikusitakoaren arabera. Dagoeneko, lizitatu egin da eraikuntza-proiektu horren azterlana.