Itxi

Gizartea

MonkeyPox

183 kasu dira dagoeneko tximino baztanga kasuak Euskadin

eitb media

Osasun Sailak 137 kasu antzeman ditu Bizkaian; 10, Araban eta 36, Gipuzkoan, eta horietako batek ere ez sintoma larririk izan. Euskadik jaso dituen txertoen % 85 jarri ditu.

  • Baieztatutako kasu berriek ez daukate loturarik atzerriko kasuekin

    Baieztatutako kasu berriek ez daukate loturarik atzerriko kasuekin

Euskadin, ostegunera arte, tximino baztangako edo monkeypox izeneko gaixotasunaren 183 infekzio identifikatu dituzte. Horietatik 137 Bizkaian detektatu dituzte; 36, Gipuzkoan, eta 10, Araban. 178 gizon eta 5 emakume dira, eta guztiek sintoma kliniko arinak izan dituzte; guztiei agindu zaie etxean isolatzeko eta Osakidetza jarraipen anbulatorioa egiten ari zaie, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ostiral honetan adierazi duenez.

Testuinguru horretan, Euskadi joan den astean hasi zen tximino-baztangaren kontrako txertoa jartzen, txertoen dosiak jaso zituenean eta Osasun Publikoaren Batzordeak tximinoaren baztangaren egungo agerraldian onartutako txertaketa-gomendioetan jasotako irizpideei jarraituz. Orain arte, Osakidetzak 121 dosi jarri ditu, hau da, jasotako 141 dosien % 85, lurraldez lurralde, biztanleriaren eta kasu kopuruaren arabera, honela banatuta: 81 dosi Bizkaian; 26, Gipuzkoan eta 14, Araban. Gainerako dosi guztiak esleituta daude, Osasun Publikoaren Batzordeak ezarritako irizpideei jarraituz.

Gainera, dio iturriak, txertoa jarri ahal izateko, pertsona hautagarrien atzemate aktiboa egin dute, eta Osakidetza harremanetan jarri da MPX txertoa jartzeko txertoen batzordeak prestatu dituen eta Osasun Publikoaren Batzordeak onartu dituen gomendioetan jasotako irizpideak betetzen dituzten pertsonekin. Txerto gehiago jaso ahala, atzematearekin eta txertoa jartzeko hitzorduak ematen jarraituko dute.

Detektatutako lehenengo kasuak Euskaditik kanpo aurkitutako agerraldiekin lotuta zeuden, baina, aurrekoetan gertatu zen bezala, baieztatutako kasu berriek ez dute lotura epidemiologikorik Euskaditik kanpoko beste kasu batzuekin, eta aurreko kasuen kontaktuak dira, edo azken aste hauetan identifikatutako kasuak.

Horregatik, "Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herritarrei infekzio hori prebenitzeko eta txertaketa sustatzeko deia egiten jarraitu nahi du". Ildo horretan, Osasun Sailaren webgunean azalpen-atal bat dago, orain dela aste batzuetatik, monkeypoxaren kontrako txertaketari buruzko informazio pedagogikoa eta kontaktuek edo gaixotasunarekin kutsatutakoek jarraitu beharreko jarraibideak bilduta.