Gizartea
SUTEA LANDETAN
Ibilgailuen joan-etorria bere onera etorri da Biriatuko mugan, arratsaldean ilara luzeak eratu eta gero
EITB MEDIA
19:00etan 3 kilometroko ilarak zeuden, kamioientzat muga dagoeneko irekita dagoen arren, baina une honetan dagoeneko ez dago arazorik.
Girondan (Frantzia) atzo piztutako sute larriak, besteak beste, Biriatuko mugako trafikoari eragin dio, eta auto-ilara luzeak sortu dira AP-8 autobidean arratsalde osoan. 19:00ak aldera 3 kilometroko ilarak ziren, baina une honetan ibilgailuen joan-etorria normala da berriro.
Irundik Lapurdirako pasabidea zeharkatzea debekatu egin zaie ibilgailu astunei, eta A-63 autobidea (Irun-Bordele) itxi egin dute 9. irteeratik (Saint Geours de Maremne) aurrera. Eguerdian, baina, berriro zabaldu dute, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 12:00ak pasatxo jakinarazi duenez.
Errepide ertzean pilatu dira ibilgailu astunak. EITB Mediak jakin ahal izan duenez, 09:00etan bilera egin dute Jendarmeek eta Paueko prefekturak, egoera aztertu eta erabakiak hartzeko, eta horren zain zegoen Ertzaintza, kamioilariei irtenbideren bat emateko.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak muga ireki dutela jakinarazi du Twitterren duen kontuan, bestelako azalpenik eman gabe. Halaber, A-1ean ezarritako murrizketak ere bertan behera utzi ditu Ertzaintzak: kamioiek galarazita zuten zirkulazioa Donemiliaga (Araba) parean eta Irungo noranzkoan.
¿¿¿ #Ap8 Km 0 #Irun-en muga IREKITA¿
— Trafiko (@trafikoaEJGV) August 11, 2022
¿¿¿#Ap8 Pk 0 #Irun, Frontera ABIERTA para ¿
¿¿ 011
Orain arte, 7.500 kg baino gehiagoko ibilgailuek —animalia biziak zeramatzatenak izan ezik— debekatuta izan dute muga zeharkatzea. Debekua atzo ezarri zuten, eta gaur 07:00etatik egon da indarrean (gauean zabalik izan dute autobidea). Goizean Irun parean trafikoa bideratzen aritu diren Ertzaintzako agenteak atzera berriz Donostiako noranzkoa hartzeko aholkatu diete kamioilariei.
Girondako suteak, dagoeneko, 6.800 hektarea kiskali ditu, eta 10.000 pertsona ebakuatu behar izan dituzte.