Gizartea
Energia aurrezteko neurriak
Abian energia aurrezteko neurriak: establezimenduak erakusleihoak itzaltzen eta tenperatura mugatzen hasi dira
Agentziak | EITB Media
Hala ere, oraindik neurrietara egokitzen ari diren establezimenduei zigorrak berehala ezartzen hastea ez da espero. Horrela, jabeei araudia betetzeko "tarte bat eman" beharko zaiela onartu du Espainiako Gobernuak.
Erakusleihoak itzaltzen eta toki publikoetako (osasun eta hezkuntza zentroetan, eta garraio publikoan salbu) termostatoak mugatzen hasi dira gauerditik. Hala ere, oraindik neurrietara egokitzen ari diren establezimenduei zigorrak berehala ezartzen hastea ez da espero.
Espainiako Gobernuak onartutako energia aurrezteko plana gaur sartu da indarrean. Hala eta guztiz ere, jabeei araudia betetzeko "tarte bat eman" beharko zaiela onartu du Espainiako Exekutiboak.
Neurriak
Toki publikoetako termostatoa udan 27 gradura eta neguan 19 gradura mugatzea planteatu dute buruzagiek.
Administrazio, denda eta leku publikoetan aplikatuko da, esaterako, antzoki, zinema-areto, ikuskizun publikoko establezimendu eta aisialdi jarduera, tren eta autobus geltoki, eta aireportuetan.
Sektorearen berezitasunek edo beharginen lan baldintzek justifikatzen duten tokietan, ostera, ez dira aplikatuko, ezta hezkuntza zentro (ikastetxe, unibertsitate, haurreskola…), osasun zentro, ileapaindegi, gimnasio eta garraio publikoetan ere.
Horrela, tabernek eta jatetxeek aire girotua 25 gradura mugatzeko aukera izango dute, laneko araudiaren gomendioak kontuan hartuz.
Era berean, ez da neurria aplikatuko hoteletako logeletan, ezta garbitegietan ere, araudi pribatua dutelako.
Bestalde, erakusleihoetako eta hutsik dauden eraikin publikoetako argiak 22:00etan itzaltzeko betebeharra jarri dute, monumentuen argiztapen apaingarria izan ezik.
Lege-dekretuak beste neurri batzuk ezarri ditu, klimatizazio sistema martxan dagoenean, ateak ixteko sistema bat derrigorrez izatea, adibidez.
Kasu horretan, establezimenduek irailaren 30era arte dute egokitzeko. Energia berriztagarririk erabiltzen ez duten tokiek indarrean dute 2009etik.
PPk gobernatutako erkidegoek neurriak atzera botatzea eskatu dute
Nahiz eta Andaluzia, Madril, Galizia, Gaztela eta Leon eta Murtziak neurriak atzera botatzea eskatu, Moncloak lege-dekretuari eutsi dio.
Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak berak, erkidegoetako Energia, Industria eta Kontsumo agintariekin bildu ondoren, baieztatu zuenez, Espainiako Exekutiboak ez du neurriak atzera botatzeko edo atzeratzeko asmorik, Bruselaren aurrean gas kontsumoa % 7 murrizteko konpromisoa hartu duelako.
Ministroaren hitzetan, egitasmoa ez betetzeko asmorik ez zuen azaldu erkidegorik, baina Madrilek Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea aurkeztuko duela iragarri du dagoeneko.