Itxi

Gizartea

Elkarrizketa Radio Euskadin

Hiru emakumek ziztadak jasan dituzte Gasteizko jaien txupinazoan

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ohartarazi duenez, "oso irmo erantzungo diegu jaiak izorratu nahi dizkiguten matxito predatzaileei".

Gorka Urtaran, Radio Vitoriako estudioetan.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak jakinarazi duenez, atzokoan hiru emakumek ziztadak jasan zituzten Andre Maria Zuriaren jaien txupinazoan. Ertzaintza erasoak ikertzen ari da, eta Udalak protokoloa jarri du martxan (biktimekiko arreta eta ikerketa poliziala barne dituena), zehaztu du. 

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin du iragarpena alkateak. Horren arabera, Zeledonen jaitsieraren ondotik, hiru andrazkok larrialdi postuetara jo zuten eraso matxistok salatzeko. "Printzipioz", sexu erasoen salaketarik ez da egon. 

Erasotzaileei zuzendu zaie segidan Urtaran: "oso irmo erantzungo diegu jaiak izorratu nahi dizkiguten matxito predatzaile horiei". Horren esanetan, "Europatik hedatzen ari den izurrite matxista horrek emakumeei askatasuna mugatu, mehatxu egin eta espazio publikoaz eta jaiez gozatzeko eskubidea murriztu nahi die. Onartezina da". 

Era berean, adierazi du indarkeria matxista kasuak egon egon direla, baina "jai eremutik kanpo", izan ere, deitoratu duenez, "astebururo egoten dira halakoak". Agintaritzari men ez egiteagatik atxiloketaren bat egon dela jakinarazi du, "baina txikikeriak, edozein asteburutan Gasteizen gerta daitezkeenak".  Urtaranen arabera, "gaua nahiko lasaia izan da". 

Bereziak Blusen eta Nesken kuadrillak "paseillo" edo kalejiran alkohola ez zerbitzatzeko hartutako erabakia "bikaina" dela esan du Urtaranek. Gainera, ziztadak gorabehera, atzo plazan egon zen "giro ikusgarria" nabarmendu du eta "pandemiak lapurtu zigun denbora galdu hori errekuperatzeko gogoa" nabari dela azaldu du. Horren aburuz, Gasteizko jaien egun handian ere kaleak "jendez lepo" egongo dira. 

Zeledon haragitzeko Gorka Ortiz de Urbina nork ordezka dezakeen galdetuta, alkateak "garaietara moldatzeko" eta emakumeei aukera zabaltzeko deia egin du, erabakia Blusen eta Nesken batzordeari dagokiola zehaztu badu ere. 

Azkenik, jaiez harago, Espainiako Gobernuak energia aurrezteko ezarritako neurriak hartu ditu hizpide. Dekretua "bete beharrekoa" dela aitortu ostean, "moduak ezberdinak" zitezkeela gaineratu du. Urtaranen hitzetan, "egun batetik bestera hartu dira, erkidegoak eta kasuan kasuko berezitasunak kontuan hartu gabe". 

Horren ildoan, argitu du azken zortzi urteetan hiriko argien % 30 led argiengatik aldatu dituztela, eta, horri esker, kontsumoa eta isuriak % 10 jaitsi direla. "Hiri guztiko argiak aldatuko bagenitu, orduko 10 milioi kilowatt aurreztuko genituzke, eta murrizketa % 40koa litzateke".