Itxi

Gizartea

osasuna

Tximino-baztangaren aurkako txertaketa "selektiboa" hasi du Nafarroak

agentziak | eitb media

29 dosi jaso ditu, momentuz, Nafarroako Gobernuak. Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren azken Txosten Epidemiologikoaren arabera, birus horrek jotako 11 pertsona baietsi dituzte Nafarroan, estatu mailan, une berean, 4.577 zirelarik kasu positiboak.

  • Txerto baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE

    Txerto baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Nafarroa hasia da tximino-baztangaren aurkako txertaketa "selektiboa eta mailakatua" lehentasuna duten taldeei ematen, Osasun Publikorako Batzordeak onartutako irizpideen arabera. Lehen entrega horretan, 29 dosi jaso ditu.

"Oso txertaketa mugatua eta lehenetsia da, biztanleria orokorrari zuzenduta ez dagoena", ohartarazi du Nafarroako Gobernuak ohar batean. Bertan adierazi duenez, espero du Osasun Ministerioak autonomia erkidegoen artean egindako banaketa proportzional horrek laster "antzeko kantitate" baten entregarekin jarraitzea, 30 dosi ingurukoa, alegia.

Gobernuak azaldu duenez, biztanleria orokorrari zuzenduta ez dagoenez, osasun sistema bera jarriko da txertoa jaso behar duten pertsonekin harremanetan.

Hain zuzen ere, kasuen hurbileko kontaktu izandako pertsonen inokulazioarekin hasiko dira, eta estatu mailako protokoloaren jarraibideetan azaldutako arrisku handiko taldeekin jarraituko dute. Protokolo horren arabera, birusaren aurreko esposizioa izan duten osasun langileak ere babes litezke.

Kasu batzuetan zein besteetan, osasun sistema bera jarriko da horiekin harremanetan txertoa eskaintzeko, baina une honetan oso baldintza zehatzetan preskribatuko da.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren azken Txosten Epidemiologikoaren arabera, birus horrek jotako 11 pertsona baietsi dituzte Nafarroan, estatu mailan, une berean, 4.577 zirelarik kasu positiboak.

Gaixotasun automugatu gisa azaltzen da, unean, tximino-baztanga agerraldi bat, eta sintomak bi eta lau aste inguru luzatu ohi dira. Normalean, sukarrarekin, buruko minarekin, giharretako minarekin, adenopatiarekin eta nekearekin hasten da, eta, hortik egun gutxi batzuetara, aurpegian eta gorputz-adarretan kontzentratu ohi den erupzio bat hasten da.

Kasu gehienetan, gaixotasun arina da, baina ez da baztertzen zenbait kasutan okerrera egitea, eta zailtasunak agertzea.

Tximino-baztanga kasu baten susmoaren aurrean (derrigorrezko deklarazio urgenteko infekzioa), isolatzeaz gain, gaitza dun pertsonak osasun sistemarekin harremanetan jarri beharko du, osasun langile batek horren balorazioa eta kudeaketa egin dezan. Une horretan emango zaizkio jarraibide zehatzak.

Euskal Autonomia Erkidegoa astelehen honetan bertan hasi zen tximino-baztangaren aurkako txertoa ematen, 141 dosiko lehen entregarekin.