Gizartea
Osasuna
Tximino-baztangaren kontrako txertoa arin jartzeko deia egin die Dariasek erkidegoei
Agentziak | EITB Media
Osasun ministroaren aburuz, "txerto gehiago lortzea —orain arte 5.000 banatu ditu Estatuak— bezain garrantzitsua da erkidegoek jasotako guztiak jartzea".
-
Tximino baztangaren birusa, mikroskopiotik ikusita. Argazkia: EFE
Carolina Darias Espainiako Gobernuaren Osasun ministroak azkartasuna eskatu die autonomia erkidegoei tximino-baztangaren kontrako txertoa jartzeko orduan. Espainiak 5.000 dosi banatu ditu dagoeneko erkidegoen artean, eta beste 7.000 jasotzekotan dago.
Kantabriako hainbat osasun azpiegiturari egindako bisitan adierazi duenez, prestakin gehiago lortzeko ahaleginean daude, baina "txerto gehiago lortzea bezain garrantzitsua da erkidegoek jasotako guztiak jartzea".
"Esfortzuaren jakitun naiz, baina ahalegina egiten jarraitzeko eskatzen dizuet, kutsatu diren gaixoen harreman estuak izan diren horiek txertatuta biziak salbatzen ari gara eta", azpimarratu du.
Osakidetza bera asteon hasi da EAEk jaso dituen 141 dosiak jartzen.
Bi pertsona hil dira Espainiako Estatuan tximino-baztangak jota. Bi kasuetan, gizonezko gazteak ziren hildakoak (gaixotasun horrek gizonezkoei erasaten die nagusiki, eta kutsatutako emakumeak % 5 baino ez dira).
Dariasek aitortu du txerto gutxi daudela, eta Estatuek bakarrik eskuratu ahal dituztela. Horren esanetan, "Espainia arin ibili da", eta sintomak dituztenei osasun etxera joateko deia egin die.