Itxi

Gizartea

Elkarrizketa Radio Euskadin

"Zainketa kolektiborako" deia egin du Azpeitiko alkateak ziztadengatik hainbat salaketa jaso ostean

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Nagore Alkortaren arabera, bi emakume izan dira biktima eta hirugarren baten berri izan dute, baina Osakidetzaren konfirmazioaren zain daude. Ezein kasutan ez da sumisio kimikorik izan, lehen datuen arabera.

  • Alkorta, artxiboko argazki batean.

    Alkorta, artxiboko argazki batean. Argazkia: EITB Media

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak "zainketa kolektiborako" deia egin du herriko San Inazio jaietan hainbat emakumek ziztadak salatu eta gero. Alkatearen esanetan, bi emakume izan dira biktima eta hirugarren baten berri izan dute, Osakidetzak kasua baieztatu behar badu ere. Izan ere, hirugarren andrazko hori Zarauzko osasun etxean artatu zuten (beste biak, Azpeitiko anbulatorioan), eta informazioa biltzen ari dira oraindik. 

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa labur batean, Alkortak esan du baztertuta dagoela sumisio kimikoa izateko aukera, eta ezein kasutan ez dela sexu erasorik izan. 

EH Bilduko alkateak azpimarratu duenez, gizarteak bere osotasunean egin behar du arazo horren kontra, eta erasoren baten lekuko edo biktima den orori Udalak ezarritako karpara jotzeko eskatu dio. "Zainketa kolektiborako deia egiten dut. Ez dugu alarma sortu behar, baina herritarrak konturatu behar dira eraso matxistak direla", erantsi du. 

Azpeitiko Udalak eraso sexistei aurre egiteko protokoloa garatu du Udaleko Berdintasun batzordearen, Udaltzaingoaren eta Emakunderen elkarlanarekin, eta batzorde berezi bat sortu du emakumeak artatzeko, kasuei jarraipena egiteko eta aholkularitza emateko. Alkortaren hitzetan, "biktimari arta ematea da lehendabiziko gauza. Bi emakumeak anbulatorioan atenditu zituzten, eta Udaltzaingoa ere eurekin jarri da harremanetan. Ondo daude biak".