Gizartea
indarkeria matxista
Bi gizon atxilotu dituzte Zizurkilen emakume bati sexu-erasoa eta lapurreta egitea egotzita
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Villabonako mugimendu feministak elkarretaratzea egin du igande honetan, azken egunotan jaietan gertatutako zenbait eraso salatzeko.
Bi gizonezko atxilotu dituzte asteburu honetan Zizurkilen (Gipuzkoa), emakume bati sexu-erasoa eta lapurreta egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Biktima Villabonako jaietatik etxera zihoala egin zioten eraso. Ertzaintzak ikerketa abiatu du jazoeraren nondik norakoak argitzeko, eta, momentuz, ez du xehetasun gehiagorik eskaini. Gainera, beste bi ikerketa ere ditu zabalik, Villabonan salatutako erasoengatik.
Zizurkilgo Udalak "gogor" salatu du erasoa, eta "elkartasun eta babes osoa" adierazi dizkio erasoa jasan duen emakumeari.
Bestalde, atzo jakin zenez, Ertzaintza sexu abusu bat ikertzen ari da Villabonan, eta mugimendu feministak elkarretaratzea egin du igande honetan, jaien testuinguruan gertatutako zenbait eraso salatzeko. Villabonako eta Zizurkilgo Udalek ere bat egin dute protestarekin.
Gipuzkoako Aldundiaren gaitzespen "irmoa"
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitzespen "irmoa" azaldu du azken orduetan salatutako eraso matxisten aurrean, eta hurbiltasuna eta elkartasuna adierazi dizkie azken erasoaren biktimari zein senide eta hurbilekoei.
"Halako erasoen oinarri-oinarrian egiturazko arazo bat dago, gizon eta emakumeen berdintasun eza, alegia, nahiz emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira. Eskubide horien aurkako ekintzak erabat onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean", baietsi du.
Horregatik guztiagatik, foru erakundeak indarkeria sexistarik gabeko jaiak nahi dituela adierazten du, emakume guztiek aisialdiaz eta gizarte harremanez berdintasunean gozatzeko aukera izan dezaten, euren askatasunari eta duintasunari kalte egingo dieten jarrera eta mehatxurik gabe.
Sumisio kimiko saiakerak
Gainera, igande goizaldeko 01:30ak aldera, Villabonako tabernak eta txosnagunea itxi dituzte, zenbait emakumek ziztadak jasan izana salatu ostean.
Alarma eta kezka zabaltzen ari dira azken orduetan izaten ari diren sumisio kimiko saiakera edo ziztada salaketak direla eta.
Bart, Baionako festetan, beste 33 emakumek salatu dute ziztada sentitu izana, eta bat ospitalera eraman dute. Festak hasi zirenetik, 112 emakumek salatu dituzte ziztadak Lapurdiko hiriburuan: 16k, lehen egunean; 24k, bigarrenean; 39k, ostiralean eta 33k, gaur gauean.