Itxi

Gizartea

OSASUNA

Bi pertsona hil dira jada Espainian, tximino-baztangagatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Valentzian hil da lehena eta Kordoban bigarrena. Hego Euskal Herrian 106 kasu erregistratu dira: 98 EAEn eta zortzi Nafarroan. Kasu gehienak arinak dira, dena dela.

01:14

Espainiako Osasun Ministerioak larunbat honetan jakinarazi duenez, tximino-baztangak eragindako bigarren heriotza gertatu da Espainian. Orain arte 4.298 kasu baieztatu dituzte Estatuan, Zaintza Epidemiologikoko Sare Nazionalaren (RENAVE) datuen arabera.

Atzo jakin zen tximino-baztanga dela eta gizon bat hil zela Valentzian, gaitzak eragindako infekzioarekin lotutako entzefalitisaren ondorioz. Kasua aztertzen ari dira heriotzaren arrazoiaren behin betiko baieztapena izateko.

Bigarren hildakoa 31 urteko gizon bat da eta Kordoban hil da, meningoentzefalitisak jota. Haren kasua ere aztertzen ari dira, tximino-baztangak eragindako infekzioarekin lotuta dagoela egiaztatzeko.

Orain arte kasu hauek atzeman dira Espainiar Estatuan: 1.656 Madrilen, 1.406 Katalunian, 498 Andaluzian, 213 Valentziako Erkidegoan, 102 Kanarietan, 98 Euskadin, 89 Balearetan, 45 Aragoin, 37 Galizian, 36 Asturiasen, 31 Gaztela eta Leonen, 23 Gaztela-Mantxan, 20 Extremaduran, 19 Murtzian, 15 Kantabrian, 8 Nafarroan eta 2 Errioxan.