Itxi

Gizartea

TRAFIKOA

Irteera operazioa: lasaitasuna errepideetan ordu honetan

EITB MEDIA

Urteko asteburu kritikoena izango da uztailaren 30etik 31ra artekoa. Gipuzkoa eta Lapurdiko mugan, adibidez, 177.000 ibilgailu espero dira asteburu honetan.

04:14

Irteera operazioak eta itzulera operazioak bat egingo dute asteburu honetan euskal errepideetan eta, ondorioz, urteko joan-etorri gehienekoa asteburua izango da oraingoa.

Aurreikuspenak bete eta goizean goizetik hasi dira arazoak errepideetan, azken orduetan gutxitzera jo badute ere. Hala, amaitutzat eman dira goizean zehar Zarautzen, Armiñongo lotunean, N-622 errepidean eta Irun parean izandako auto-pilaketak.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaritzak 600.000 ibilgailuren joan-etorriak espero ditu Euskal Autonomia Erkidego osoko errepide sarean. Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan, berriz, 177.000 ibilgailu espero dira bi egunotan.

Atzo emandako datuen arabera, uda hasi zenetik, 1.700.000 desplazamendu baino gehiago erregistratu dituzte Biriatuko ordainlekuan eta pandemia aurreko azken urteko, 2019ko, datuak gaindituko direla uste dute.

Gomendioak 

Bidaia irten aurretik errepideen egoera kontsultatzeko gomendatzen du Eusko Jaurlaritzak: 011 telefono-zenbakian (24 orduko arreta), www.trafikoa.euskadi.eus webgunean, TrafikoaEJGV aplikazioan edo @TrafikoaEJGV Twitter kontuan.  

Horrez gainera, ondorengo gomendioak kontuan izateko eskatu du:  

·        Ibilgailua ondo dagoela ziurtatzea. 

·        Otordu oparorik ez egitea, logura saihesteko, eta alkoholik, drogarik edo gidatzean eragina izan dezakeen botikarik ez kontsumitzea.  

·        Abiadura trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokitzea, eta beti jarraitzea Ertzaintzako agenteen aginduak.  

·        Segurtasun-tarteak errespetatzea. 

·        Atseden hartzea bi orduz behin edo 200 kilometroz behin.