Itxi

Gizartea

gertakariak

Gutxienez bi pertsona atxilotu dituzte droga trafikoaren aurkako operazio batean Araban eta Errioxan

agentziak | eitb media

Polizia-operazioa, besteak beste, Gasteizen, Oionen, Logroñon eta Larderon egin dute. Etxebizitzak eta industria-pabiloiak miatu dituzte.

  • Larderon (Errioxa) miatu duten etxebizitza. Argazkia: EFE

    Larderon (Errioxa) miatu duten etxebizitza. Argazkia: EFE

Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak droga trafikoaren aurkako operazioa abiatu dute ostegun honetan Errioxan eta Araban, eta hainbat lagun atxilotu dituzte, EFE agentziak zabaldu duenez.

Polizia-operazioa Gasteizen, Oionen, Logroñon eta Larderon egin dute. Hainbat industria pabiloi eta etxebizitza miatu dituzte, eta, zenbat atxiloketa egin dituzten zehaztu ez badute ere, EFE agentziaren arabera, gutxienez bi lagun atzeman dituzte.

Atxiloketa horietako bat Larderon egin dute, Logroñotik bost kilometrora dagoen udalerrian, eta etxebizitza bat ere arakatu dute han.

Orain arteko informazioaren arabera, indoor marihuana plantazio bat aurkitu dute Oiongo industria nabe batean. Logroñon, berriz, zenbait etxebizitza arakatu dituzte operazioa dela eta.

Guardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko berrogeita hamar bat agente ari dira operazioan parte hartzen, drogen hautematean espezializatutako txakurrekin batera. Epaileak sumario sekretua agindu du jarduketaren inguruan.

Ustez, Errioxan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta hurbileko beste zenbait erkidegotan droga ekoizten eta banatzen zuen talde kriminala da.