Gizartea
Bizkaia
Amianto arrastoak topatu dituzte Lemoan kiskalitako pabiloian, eta garrak itzaltzea zaila izaten ari da
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Suak pabiloi handi bat kiskali zuen atzo Lemoan, eta oraindik ez dute lortu garrak erabat itzaltzea. Suhiltzaileak eremua urez bustitzen ari dira, eraikinaren hondakinak erretiratu ahal izateko.
-
Lemoako sutea itzaltzeko lanetan parte hartzen ari den suhiltzaile bat. Argazkia: EFE
Amianto arrastoak topatu dituzte asteazken goizaldean Lemoan kiskalitako industria-pabiloia-ren hondakinen artean, eta garrak itzaltzea uste baino zailagoa izaten ari da.
Lemoako Udalak jakinarazi duenez, oraindik ez dute lortu sua erabat itzaltzea eta suhiltzaileak eremua urez bustitzen ari dira, eraikinaren hondakinak erretiratu ahal izateko. Amiantoa arriskutsua dela eta, kontu handiz ibili behar dira eta, ondorioz, "garrak itzaltzea asko kostatzen ari zaie", erantsi dute.
Sutea asteazken goizaldean piztu zen eta pabiloia behera etorri zen. Barruan ibilgailuak, plastikoak eta erregaia zegoela zehaztu dute.
Bestalde, pabiloiaren ondoko eraikinetik ebakuatu zituzten hamaika bizilagunak etxera itzuli dira gaur, sua erabat itzali ez badute ere, ke arnasteko arriskurik ez dagoelako.
Garrek suntsitutako pabiloian bizi ziren gainerako hamaika lagunak, berriz, senideen etxeetan eta inguruko ostatu batean daude atzotik.
Udala Arratia-Nerbioi Mankomunitatearekin elkarlanean ari da, etxerik gabe geratu diren pertsona horiei irtenbide bat emateko, dena galdu baitute.