Gizartea
Bizkaia
Sutea Lemoako pabiloi batean: eraikina behera etorri da, eta 20 bat lagun etxetik atera behar izan dituzte
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Sua goizaldean piztu da Estazino auzoan, eta oraindik ez dute amatatu. Pertsona bat ospitaleratu behar izan dute kea arnasteagatik. Kalte materialak handiak dira. Lemoako alkateak jakinarazi duenez, "pabiloi gaineko etxebizitzako bizilagunek dena galdu dute".
Sutea piztu da bart Lemoako (Bizkaia) pabiloi batean, garrek erabat kiskali dute eraikina, eta behera etorri da. Horrez gain, pertsona bat ospitaleratu behar izan dute kea arnasteagatik, eta 21 pertsona etxetik atera behar izan dituzte.
Ertzaintzak eitb.eus-i jakinarazi dionez, sua 02:20ak aldera piztu da, argitu gabeko arrazoiak tarteko. Estazino auzoko pabiloi batean hasi dira garrak, eta, badaezpada, gainean eta ondoan dauden etxebizitzak hustu dituzte suhiltzaileek. Gehienak senitartekoen etxeetara joan dira, baina lau bizilagun gertu dagoen ostatu batera eraman dituzte.
Hasieran batean zauritutakorik egon ez dela zabaldu bada ere, emakume bat ospitalera eraman behar izan dute azkenean, kea arnastu baitu. Kalte materialak handiak dira, eta pabiloia behera etorri da. Autoak konpontzeko tailer bat, plastikoak birziklatzeko enpresa bat eta etxebizitza bat zeuden eraikinean.
Inguruan aparkatutako hainbat autok ere kalteak izan dituzte.
Suhiltzaileek argitu dutenez, plastikoak birziklatzeko enpresan hasi dira garrak. Ezbeharraren unean 50 tona plastiko zituzten bilduta. Sua arin zabaldu da eta gordeta zituzten 400 litro gasoliok ere su hartu dute.
"Pabiloiaren gaineko bizilagunek dena galdu dute"
Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak Euskadi Irratiari azaldu dionez, behera etorri den eraikinean zegoen etxebizitzako bizilagunek "dena galdu dute". "Ez da inor zauritu eta alde horretatik lasaiago gaude. Orain kaltetuekin egongo gara, zer behar duten jakiteko", azpimarratu du.
Alkatearen hitzetan, oraindik ez dakite zerk eragin dituen garrak, eta lantegia itxita zegoen sutea hasi denean.
Argazkiak
Suhiltzaileak eta Ertzaintza bertan dira. Sutea kontrolpean hartzea lortu dute, baina ez dute amatatu. Suhiltzaileek zehaztu dutenez, luze joko dute itzaltze lanek.
Eragina trafikoan eta herritarrengan
Segurtasun Sailaren arabera, N-635 errepidea (Lemoa eta Zornotza batzen dituena) itxi dute, eta zirkulazioa N-634tik (Erletxetako biribilgunetik) ari dira bideratzen.
Trenen joan-etorria ohikoa da, sutea Euskotrenen geltokitik gertu jazo bada ere.
Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologia zuzendaria Lemoara joan da sutearen ondorioak bertatik bertara ikusteko. Handik jakinarazi duenez, lemoarrei, batez ere Arraibi auzoko bizilagunei, leihoak eta ateak ixteko eskatu diete, ke handia baitago.