Gizartea
Beroaldia
Bero-bolada historikoaren zifrak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
EITB MEDIA
Beroaldiaren datu adierazgarrienak Euskal Autonomia Erkidegoan: hildako bat, 43 °C-tik gorako tenperaturak, 42 sute eta 300 hektarea kiskalita.
Euskalmet meteorologia agentziak historikotzat jo du 2022ko uztailaren 11tik 18ra bitartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan den beroaldia, aurrez inoiz ez baitira horrelako tenperaturak erregistratu.
Baliorik altuenak Gardeako estazioan (43.5 °C); Arrasaten eta Saratxon (42,9 °C); eta Ordunten eta Orozkon (42.4 °C) neurtu zituzten.
Ezohiko datu horietatik harago, baina, bero kolpe baten ondorioz Bizkaian pertsona bat hil zela azpimarratu behar da.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Osakidetzak, guztira, 184 lagun artatu zituen muturreko tenperatura altuek eragindako arazoengatik. Horietako 83, gainera, ospitalera eraman zituzten: 15 Araban, 48 Bizkaian eta 19 Gipuzkoan. Halaber, beste lagun bat Miranda Ebroko erietxean artatu zuten.
Asistentzia gehienak joan den asteburuan burutu ziren: larunbatean 33 pertsona artatu zituzten, igandean 45 eta astelehenean 35.
Suteei dagokionez, uztailaren 11tik 15era bitartean 38 sute piztu ziren, horietako 12 larriak.
Sute gehienak Araban sortu ziren, non garrek ia 300 hektarea kiskali zituzten bost egunetan. Eremu kaltetuenak Barrundia, Mendoza, Mendiola, Erriberagoitia eta Gasteiz ingurua izan ziren.
Horrez gain, uztailaren 16tik 18ra bitartean beste lau sute piztu ziren Gaubean, Gasteizen, Arrigorriagan eta Bilbon. Guztira, 15 hektarea erre ziren.
Bestalde, azken zazpi egunetan, Eusko Jaurlaritzak 20 abisu hori, 14 alerta laranja eta bost alarma gorri ezarri ditu, muturreko tenperatura altuengatik eta sute arriskuagatik.