Itxi

Gizartea

Elkarrizketa

Unai Badiola, Gipuzkoako suhiltzailea: "Nafarroako suteetan bizi izandakoa guretzako irakasgaia izan zen"

Eriz Lotina | eitb.eus

Lankide nafarren profesionaltasuna eta beti modu "seguruan" lan egin zutela nabarmendu du. Badiolaren ahotan, bertako profesionalak "jantziak" dira mota horretako suteak itzaltzeko lanean.

  • Suhiltzaileak San Martin Unxen (Nafarroa), iragan ekainean. Argazkia: EFE

    Suhiltzaileak San Martin Unxen (Nafarroa), iragan ekainean. Argazkia: EFE

Unai Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileak aitortu duenez, iragan ekainean, Nafarroako suteak itzaltzeko lanean bizi izandakoa "gogorra", baina, aldi berean, "irakasgaia" izan zen eurentzat.

Badiolak 45 urte ditu, eta laster 20 urte beteko ditu ogibidean. Gainera, talde arduraduna da Ordiziako suhiltzaile parkean.

Suhiltzaileak eitb.eus-i azaldu dionez, San Martin Unx inguruan lagundu zuten, gaueko txanda batean. Arratsaldeko 18:00ak aldera hasi eta biharamunean, 09:30 aldera, jaitsi ziren bertako mendietatik, gau osoa lanean emanda.

Esperientzia "gogorra" izan zela onartu du Badiolak, baina, era berean, aberasgarria. Lankide nafarren profesionaltasuna eta beti modu "seguruan" lan egin zutela nabarmendu du. Badiolaren ahotan, bertako profesionalak "jantziak" dira mota horretako suteak itzaltzeko lanean.

Nafarroako eredua eta Gipuzkoakoa alderatu ditu Badiolak elkarrizketan. Suhiltzaile urretxuarrak goraipatu duenez, Foru Erkidegoan suhiltzaileek eta basozainek elkarlan "estua" dute, baina Gipuzkoan ez da gauza bera gertatzen.

Eredu ezberdinak

Gipuzkoako basozainak eta suhiltzaileak Aldundiak zuzentzen ditu, baina ez daude departamentu berdinaren menpe. Suhiltzaileak Gobernantza Departamentuaren esanetara daude, baina basozainak ez. Bien arteko hitzarmen bat dutela zehaztu badu ere, "elkar ezagutza" handiagoa aldarrikatu du profesionalak.

Gipuzkoan, baso-sute bat pizten denean, printzipioz, suhiltzaileek eraikinak babesteko betebeharra dute, baina ia beti basoan sartzen dira, nahiz eta horretarako trebakuntza egokirik ez eta basozainen ardura izan.

Badiolaren ahotan, gaur egungo egoerak zerbaitetarako balio beharko luke. Zentzu horretan, suhiltzaileen eta basozainen "elkarlana" areagotzea aldarrikatu du. Basozainen "mendiaren ezagutza" nabarmendu du, baita suhiltzaileen "arrisku lana" ere.

Bestalde, kezka agertu du, Bizkaiko eredua Gipuzkoan ere ezartzekotan direla uste baitu. Bizkaian, basozainak eta suhiltzaileak ezezik, hirugarren eragile batek esku hartzen du suak itzaltzeko eta kudeatzeko lanetan: Basalan. Azpikontrata horrek hainbat eginbehar dituela erantsi du.

Nafarroan udako kanpainak abiatzen dituzte, sua itzaltzeko taldeak langile gehiagorekin indartuz, baina Gipuzkoan halakorik ez da egiten, kritikatu duenez.

Azken egunetako "soufflé" informatiboa jaisten denean baso-sute arriskuak jarraituko duela ohartarazi du suhiltzaileak. Zentzu horretan, Euskal Herrian baso-sute arriskua udazkenean udan bezain handia izaten dela gogorarazi du. Udazken zein neguan, lehorteen ondorioz piztu diren suteak gogora ekarri ditu, 2021ko otsailean Beran piztutakoa, esaterako.