Itxi

Gizartea

Bero-bolada

Alarma gorria Nafarroako Erriberan gaur 42 gradurainoko maximoengatik eta suteak egoteko muturreko arriskua

EITB MEDIA

Foru Erkidegoko erdialdea, Pirinioak eta Kantaurialdea alerta laranjan daude igande honetan, 38 eta 41 graduren arteko tenperaturengatik; astelehenean, Kantaurialdean izango dira alarma gorrian, eta, berriro ere, baso-suteak egoteko arriskua muturrekoa izango da.

01:36

Nafarroan, zenbait alerta meteorologiko deitu dituzte bero-boladarekin lotuta iganderako, astelehenerako eta astearterako. Hain zuzen ere, igandean, hilak 17, Erriberan alarma gorria izango da indarrean, 42 gradurainoko maximoak iragarri baitituzte, eta Foru Erkidegoko gainerakoan, alerta laranja izango da, termometroak 39 eta 41 gradu arteko tenperaturak zehaztuko baititu. Gainera, ia Nafarroa osoa dago muturreko arriskuan, maila gorrikoan, baso-suteak egoteko arriskuagatik.

Hona hemen Nafarroan ondorengo orduetan eta egunetan indarrean izango diren alertak:

Igandean (hilak 17):

Alarma gorria 42 gradurainoko tenperaturengatik Erriberan, 13:00etatik 21:00etara.

Alerta laranja 41 gradurainoko maximoengatik erdialdean, 13:00etatik 21:00etara.

Alerta laranja 38 gradurainoko tenperaturak tarteko Pirinioetan, 13:00etatik 21:00etara.

Alerta laranja 38 gradurainoko tenperaturak tarteko Kantaurialdean, 13:00etatik 21:00etara.

Muturreko arriskua, maila gorrikoa, Nafarroa osoan, hego-ekialdean izan ezik (laranja da hor), baso-suteak pizteko arriskuagatik.

Astelehenean (hilak 18):

Alarma gorria 42 gradurainoko maximoengatik Kantaurialdean, 13:00etatik 21:00etara.

Alerta laranja 41 gradurainoko tenperaturengatik Erriberan, 13:00etatik 21:00etara.

Alerta laranja 40 gradurainoko maximoengatik erdialdean, 13:00etatik 21:00etara.

Alerta laranja 38 gradurainoko tenperaturengatik Pirinioetan, 13:00etatik 21:00etara.

Muturreko arriskua, maila gorrikoa, Nafarroa osoan baso-suteak pizteko arriskuagatik.

Asteartean (hilak 19):

Alerta laranja 39 gradurainoko tenperaturengatik Erriberan, 13:00etatik 21:00etara.

Abisu horia 37 gradurainoko tenperaturengatik erdialdean, 13:00etatik 21:00etara.

Abisu horia 34 gradurainoko tenperaturengatik Pirinioetan, 13:00etatik 21:00etara.

Estatuko Meteorologia Agentziak jakitera eman duenez, igande arratsaldean baliteke ekaitzak jotzea Erriberan. Astelehenerako, hego haize jarraitua iragarri du, bolada batzuk gogorrak izan litezke.

Iragarpen horien harira, SOS-Nafarroak eskatu du ez egitea suterik eragin litzakeen ezer. Foruzaingoak, Erro bailaran, nekazari bat salatu du; izan ere, nekazaritza-lanak egiten ari zen alerta laranja indarrean zela. Hortik gertu, bi sute zituzten itzalita, norbaitek nekazaritza-lanak egiteagatik.