Gizartea
BERO-BOLADA
Sute arriskuagatik hainbat debeku eta murrizketa ezarri ditu Jaurlaritzak
Idoia Alberdi Etxaniz | EITB MeDIA
Baso Suteetarako Larrialdi Plan Bereziaren larrialdi-fasea EAEko hiru lurraldeetako "landa-ingurunean, landa-lurzoruan edo urbanizaezinean" ezarri du gaurtik Jaurlaritzak. Arauak urratzeak 30.000 eurorainoko isuna izan dezake. Egunero eguneratuko dute ebazpena.
-
Mendoza (Araba), atzo. Argazkia: EFE
Bero-bolada denboran luzatzen ari dela, eta Euskalmeten aurreikuspenen arabera, areagotu ere egingo dela kontuan hartuta, Baso Sutetarako Larrialdi Plan Bereziaren larrialdi-fasea EAEko hiru lurraldeetara zabaltzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta hainbat murrizketa eta debeku onartu ditu, ebazpen bidez.
Rodrigo Gartzia Segurtasun sailburuordeak eta Ricardo Ituarte Larrialdien Arreta eta Meteorologia zuzendariak, gaur eguerdian, egin duten agerraldian eman dituzte hartutako erabakien xehetasunak. Zehaztu dutenez, "sute arrisku larria eragin dezaketen jardurak, batez ere, landa-ingurunean, landa-lurzoruan edo lurzoru urbanizaezinean" debekatuko dira. Bereziki, igande iluntzerako espero da egoera arriskutsuena, beroari hego-haizea batuko baitzaio.
Honakoak dira debekatuta egongo diren jarduerak, alerta ezarrita dagoen eremuetan:
- Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea. Hala nola, nekazaritza edo baso eremuetan txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.
- Su artifizialak, petardoak edota pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea, eta barbakoak egitea. Hori guztia, landaguneetan ezezik, hiri-lurzoruetan eta zuhaitz, sastraka edo labore sailetatik 300 metroko baino gutxiagora ere debekatuta egongo da.
- Errekuntzako motordun ibilgailuak ezingo dira erabili baso-pistetan, lursailetako bideetan edota asfaltatutako errepideetatik kanpora geratzen diren gainerako igarobideetan, lanpostura edo ohiko bizilekura joateko ezinbestekoa den kasuetan izan ezik.
Neurriok gaur sartuko dira indarrean, eta debekuen egoera eta ordutegia egunero eguneratuko ditu Eusko Jaurlaritzak, EAEko eremu bakoitzerako. Gaur, ostirala, alerta laranja egoeran daude 3. eremua (EAE hegoaldea) eta 4. eremua (Ebro ondoko eskualdea), eta murrizketak 13:00etatik 21:00era arte egongo dira indarrean.
Alarma gorria ezartzen den guneetan, aipatutako debeku guztiak eguneko 24 orduetan egongo dira indarrean.
Gaur onartutako ebazpenaren arabera, ezarritako murrizketak eta debekuak ez betetzeak arau-hauste larritzat joko dira, eta 1.501 eurotik hasi eta 30.001 eurorainoko isunak izan ditzateke.
Beroagatik ere, alarma
Sute arriskuagatik bakarrik ez, datozen orduotarako iragarrita dauden muturreko tenperatura altuengatik alarma gorria ezarri du Segurtasun Sailak biharko, larunbata, eta etzirako, igandea, Arabako Errioxan eta erdialdean (Gasteiz tartean). Euskalmetek egindako iragarpenaren arabera, bi eremuotan termometroak 41-40 º C-ra igoko dira. Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean eta Nafarroako zatirik handienean (Baztan aldea salbu) alerta laranja egongo da indarrean, 38-39 graduko maximoekin. Sargori egingo badu ere —35 º C-ko maximoak— kostaldea abisu horian egongo da.
Beroari lotuta eta hego haizea ibiliko dela kontuan hartuta, beste alarma gorri bat ezarriko dute igandean Ebro ondoko eskualdean (Arabako Errioxan) eta Iragate-zonan (Araba erdialdea) baso-suteak izateko "arrisku handia" dela eta.