Gizartea
Sanferminak
Arina eta garbia izan da Victoriano del Rioko zezenen entzierroa
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Bost lagun eraman behar izan dituzte osasun zentroetara, denak kolpeengatik. Madrilgo ganadutegiko adardunek aurtengo jaietako lasterketarik azkarrena egin dute (02:14), eta, horri esker, korrikaldi politak ikusi ditugu ibilbidean.
Sanferminetako entzierroak azken txanpan sartu dira, eta, gaur, Victoriano del Rioko zezenak izan dira protagonista. Arina (02:14) eta garbia izan da Madrilgo ganadutegiko adardunen entzierroa. Izan ere, ez dute inor adarkatu, eta osasun zentroetara zaurituta eraman dituzten bost lagunak kolpeengatik artatu dituzte, Gurutze Gorriaren arabera.
Handiak izanagatik, animalia zintzoak diren ospea dute Victoriano del Rioko zezenek, eta, gaur, behintzat, men egin diote izenari. Azkar-azkar joan dira ibilbidean barrena (jaietako entzierro arinena izan da), eta korrikaldi politak ikusi ahal izan dira, baita erorikoak ere, abiaduraren ondorioz.
Oro har, batuta joan dira zezenak, Santo Domingon adardun beltz batek aurrea hartu badu ere (ez du, ordea, taldea apurtu). Mercaderesen, korrikalari bat harrapatu du zezen batek, abiada bizian.
Zezen plazan, erorikoa izan duen lasterkari bat zezenak zetozen unean altxatu da, eta animalietako batek airean eraman du segundo batzuez, baina ez dio adarrik sartu. Hori izan da, hain justu, unerik kezkagarrienetakoa.
Argazkiak