Itxi

Gizartea

SANFERMINAK 2022

Emakume batek bortxatu egin dutela salatu du sanferminetan

EITB MEDIA

Iruñeko alkateak aurreratu duenez, bortxaketa joan den larunbatean gertatu zen Mendillorri auzoan. Halaber, Iruñerriko talde feministak elkarretaratzea deitu du biharko Gazteluko Plazan 17:30ean gertatutakoa salatzeko.

1:02
Enrique Maya. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Enrique Maya Iruñeko alkateak ezagutzera eman duenez, emakume batek San Fermin jaietan bortxatu egin dutela salatu du. Aurreratu duenez, bortxaketa joan den larunbatean, hilaren 9an, gertatu zen Mendillorri auzoan. Halaber, Iruñerriko talde feministak elkarretaratzea deitu du biharko Gazteluko Plazan 17:30ean gertatutakoa salatzeko.

Iruñeko Udaleko Bozeramaile Batzordeak adierazpen bat onartu du erasoarekiko "gaitzespen irmoa" azaldu eta emakumeari nahiz haren ingurukoei babesa eta elkartasuna eskaintzeko. Halaber, haren eskubideak eta intimitatea gorde eta errespetatzeko dei egin dute, eta, eraso sexisten aurkako borrokarekiko konpromiso irmoa eta emakumeentzako hiri aske baten aldeko apustua berretsi ondoren, gertatutakoa salatzeko egingo diren deialdiekin bat egiteko deia luzatu du.

Bestalde, Iruñerriko mugimendu feministak eta herri mugimenduak elkarretaratzea deitu dute astearte honetarako, uztailaren 12rako, Gazteluko plazan 17:30ean sanferminetan izandako erasoen aurrean "gaitzespena" adierazteko.

Nafarroako Gobernuak ere bere gaitzespena agertu du salaketaren aurrean, eta biktimari eta haren familiari babesa eta elkartasuna helarazi die. Era berean, Foru Gobernuak "adierazpen matxista ororen aurka borrokatzeko konpromiso irmoa" adierazi du, eta herritarrei dei egin die gaitzespen elkarretaratze guztietan parte hartzera.

Aurten ere Iruñeak eraso sexisten biktimei informazioa, sentsibilizazioa eta laguntza emateko gune bat du sanferminetan; izan ere, beste behin Udalak arreta berezia jarri nahi izan du eraso sexistak saihesteko.