Gizartea
Sanferminak
Cebada Gagoren zezenek hiru lagun adarkatu dituzte entzierro arriskutsu batean
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Hiru korrikalari zauritu dira adarkatuta. Euren ospeari men eginda, tentsio beteko une ugari eragin dituzte Cadizko zezenek.
Euren ospeari men eginda, entzierro arin eta arriskutsua egin dute Cebada Gagoren zezenek sanferminetako bosgarren entzierroan. Gurutze Gorriaren arabera, hiru korrikalari zauritu dira animaliek adarkatuta.
Ganadutegi beteranoetako bat da Cebada Gagorena, eta arriskutsu fama dute bertako zezenek; gaurkoan ere ondo erakutsi dute. Lasterketak 3 minutu eta 12 segundo iraun du. Ibilbidea taldean hasi badute ere, Telefonica parean, banatzen hasi dira zezenak eta, hortik aurrera, estuasun ugari izan dituzte korrikalariek. Telefonican izan da, hain zuzen, lehen adarkada.
Tentsioak gora egin du zezen plazara iritsi baino lehen adardunetako batek buelta eman duenean.
Dena dela, irudi larrienak zezen plazan bertan ikusi ditugu. Zezenetako batek hainbat aldiz adarkatu du hesian babesteko asmoa zuen korrikalari bat, 22 urteko donostiar bat.
Hiru lagun adarkatuta
Hori horrela, Gurutze Gorriak egindako balantzearen arabera, hiru pertsona zauritu dira adarkatuta, eta beste lauk erorikoengatik eta kolpeengatik izan dituzte zauriak. Hirurak egonkor daude, iturrion arabera.
Adarkatutako korrikalariei dagokienez, lehena Telefonica aldean artatu dute; hankan du zauria. Beste biek zezen plazan jaso dute zezenen adarkada: batek ezkerreko iztondoan, eta besteak, eskuineko hankan. Biei ebakuntza egin behar izan diete.
Adarkadaz zauritutakoak 22 urteko donostiar bat, 25 urteko estatubatuar bat eta 29 urteko valentziar bat dira.
Guztira, 53 pertsona artatu ditu Gurutze Gorriak. Horietatik lau larrialdi gune eta ospitaleetara eraman behar izan dituzte: bik kontusioak dituzte zezenek zapaldu dituztelako, eta beste bik, kolpeengatik.
Bestalde, Nafarroako DYAk bost pertsona artatu ditu Santiago plazako eta Xabier kaleko jaitsierako postuetan: bata, hainbat kolperekin; bi, eskuetan zauriak zituztelako eta azken biak, traumatismoengatik.