Gizartea
Andre Mari Zuriaren jaiak
Zeledonen Jaitsieran plazara beira sartzea debekatuta izango da beste behin
EITB MEDIA
Neurria 2017tik izan da indarrean Andre Mari Zuriaren jaietako hasiera-ekitaldian, hautsitako botilek eta ontziek eragin ditzaketen zauriak ekiditeko. Hala, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Andre Mari Zuriaren plaza itxiko dute, eta ezarriko dituzten hamar sarbide-kontroletatik soilik sartu ahalko da.
-
Zeledonen Jaitsiera, 2016an; orduan, oraindik, debekua ez zegoen indarrean. Argazkia: EFE.
Gasteizko Udalak ostegun honetan jakitera eman duenez, aurten ere debekatuta izango da Zeledonen Jaitsieran beira sartzea Andre Mari Zuriaren plazara, hautsitako botilek eta ontziek eragin ditzaketen zauriak eta ebakiak ekiditeko. Hortaz, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak plaza itxiko dute, eta jendea ezarriko dituzten hamar sarbide-kontroletatik soilik sartu ahalko da. Neurria 2017tik izan da indarrean, baina gogora ekarri behar da 2020an eta 2021ean ez dela egin Zeledonen Jaitsiera, pandemia tarteko.
Testuinguru honetan, Udalak zehaztu duenez, Zeledon Andre Mari Zuriaren Plazara itzuliko da datorren abuztuaren 4an, milaka herritarren aurrean. Aurreko urteetan bezala, herritarrek ezingo dute beirarik sartu, eta, horretarako, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak plaza itxiko dute; hamar sarbide-kontroletatik soilik sartu ahalko da barrura: Hedegile kaletik, Zapatari kaletik, Errementari kaletik, Aldunditik, Prado kaletik, Dato kaletik, Posta kaletik, Olagibel kaletik, San Frantzisko aldapatik eta Loma Jeneralaren plazatik. Udalak azaldu duenez, 2019an jaiak eten aurretik ezarri zen plan bera da.
Jaietan segurtasuna bermatzea
Neurri horrez gain, bi polizia-taldeak elkarlanean arituko dira jaietan zehar herritarren segurtasuna bermatzeko. Kaleko lana areagotuko dute, bai eta airekoa ere Ertzaintzaren droneen sailarekin, "betiere, delituak ekiditeko, batez ere, sexu-askatasunaren, sexu-ukigabetasunaren, ondarearen eta pertsonen aurkakoak".
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak modu berezian jardungo dute sexu-askatasunaren aurkako delituak prebenitzeko. Jende gehien pilatzen den tokiak, parkeak (bai hiri erdialdekoak, bai kanpoaldekoak) eta trenbidearen azpian dauden oinezkoentzako pasabideak zainduko dituzte, Udalaren esanetan. Gainera, dio iturriak, talde horrek zaintza bereziak egingo ditu etxera itzultzeko orduetan. Bi Poliziek salaketen bulegoa partekatuko dute aurten ere Olagibel kalean.