Itxi

Gizartea

GERTAKARIA

Bi pertsona atxilotu dituzte Legution Mugimendu Sozialistako kideek okupatutako hotel bat hustean

EITB MEDIA

Istiluak 11:00etatik 12:00etarako tartean izan dira, Ertzaintzako agenteak eraikina hustera joan direnean. Segurtasun sailaren arabera, 5 agente zauritu dira eta 2 pertsona eraman dituzte atxilo. Mugimenduko kideen arabera, Ertzaintza manifestariei oldartu zaie eta hainbat pertsona zauritu dituzte.

  • Ertzaintzaren dispositiboa Legution (Araba). Argazkia: EFE

    Ertzaintzaren dispositiboa Legution (Araba). Argazkia: EFE

Bi pertsona atxilotu eta bost ertzain zauritu dira gaur goizean Legution (Araba) hotel bat hustean izandako istiluetan, EITB Mediak jakin ahal izan duenez. Duela hiru urte Mugimendu Sozialistako kideek okupatu zuten hotela da hustu dutena.

Istiluak 11:00etatik 12:00etara izan dira, ertzainak, segizio judizialarekin batera, eraikina hustera joan direnean. Une horretan istiluak izan dira Mugimendu Sozialistako kideen eta agenteen artean, eta 18 eta 21 urteko bi pertsona atxilotu dituzte desordena publikoak eragiteagatik eta agintaritzaren agenteei gogor egiteagatik. Segurtasun Sailaren arabera, gainera, bost agente zauritu dira.

Mugimenduko kideen arabera, baina, Ertzaintza manifestariei oldartu zaie eta gazteen aurka kargatu du, dozenaka lagun zaurituz.

Hotela duela 15 urte eraiki zen aisialdiko eta kiroleko beste instalazio batzuekin batera. Hala ere, eraikina ez zen erabili, itxita geratu zen, eta 2019. urtea amaitu baino pixka bat lehenago, Legutioko gazteek hura okupatu eta erabiltzea erabaki zuten, bileretarako, topaketetarako eta jardueretarako leku gisa.

Argazkia: EFE

Duela hiru urte Mugimendu Sozialistako kideek okupatu zuten hotela. Argazkia: EFE