Gizartea
Migrazioaren drama
Elkarretaratzeak izan dira Donostian eta Bilbon Melillako heriotzak salatzeko
eitb media
Eguerdian Donostiako elkarretaratzea izan da, SOS Arrazakeria elkarteak deituta. Arratsaldean Bilbokoa izan da, Ongi Etorri Errefuxiatuak-en eskutik. Bihar, Gasteizen egingo dute protesta. Hildakoak 37tik gora direla salatu dute Gobernuz Kanpoko Erakundeek.
Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteak elkarretaratzea egin du igande honetan Donostian, ostiralean Melillako hesia gurutzatzen saiatu ziren 23 migratzaileen heriotzak salatzeko; "Espainia eta Marokoren arteko immigrazioaren aurkako itunak bermatutako odol-errekastoa".
Alderdi Ederren, udaletxe parean, izan da elkarretaratzea eguerdiko 12:00etan. "Sarraski honen aurka" ahotsa altxatzeko eskatu du elkarteak.
Plataformak azaldu duenez, "orduek aurrera egin ahala, hildakoen kopurua" gora egiten ari da, eta "hamarnaka eta zenbatezinak dira zaurituak".
"Gerratik, errepresiotik eta miseriatik ihes egiten saiatzen direnentzako hilerria da berriro Melilla", eta, Gipuzkoako SOS Arrazakeriatik salatu dutenez, "ehorzleak Marokoko eta Espainiako gobernuak dira". Izan ere, esan dute "hesiak altxatu eta hedapen polizial/militar oso bat" antolatzen dutela "errepresioaren kontura gure muga sakratuak urratzea eragozteko".
Gaineratu dutenez, "irudiek edonor beldurtzen dute", baina Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, aldiz, "pozik agertu da Marokoko poliziaren jardueragatik".
"Zein endekapen- eta galera-mailatara irits daitekeen iparraldea giza eskubideen aldeko adierazpenez betetako erakundeen aldetik herrialde batzuen jarduera kritikatu nahi denean", esan dute. "Etika alde batera geratzen da gizatasuna kendu zaien pertsonei buruz ari garenean".
Migrants morts et blessés à Nador.Laisser dans cette situation sans aucun secours sur place des centaines de migrants qui ont été traités avec violences de la part des marocains et des espagnoles a sans doute augmenté le nombre de décès. AMDH Nador exige l'ouverture d'une enquête rapide et sérieuse.
Publicado por Association Marocaine des Droits Humains - Section Nador en Viernes, 24 de junio de 2022
Bilbon ere elkarretaratzea deitu dute gaurko. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak deituta, 18:00etan izan da Bilboko hitzordua Arriaga Plazan. Manifestariak arropa beltza jantzita azaldu dira.
Sani Ladan Ceutako Elin elkarteko presidenteak bere gaitzespena adierazi du "Melillan izandako sarraskiagatik". "Marokoko eta Espainiako segurtasun indarrek bortxatutako gorputz beltzak ikusi ditugu, beti bezala", salatu du.
Gainera, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen hitzak kritikatu ditu "Marokoko segurtasun indarrak defendatu dituelako, Europar Batasunak Espainiako mugan ezarritako politika hilkorraren ondorioz, 37 hildako ditugun bitartean".
Astelehen honetan beste elkarretaratze bat izango da, oraingoan, Gasteizen 19:30ean Andra Mari Zuriaren Plazan.
Ostiraleko gertakariak
Gutxienez 23 pertsona migratzaile hil ziren ostiral honetan, Marokoko segurtasun indarren eta Melilla espainiar hiriko hesia gurutzatzen saiatu ziren Sahara hegoaldeko ehundaka biztanleren arteko istiluetan. Hildakoez gain, dozenaka pertsona zauritu ziren; horietako hainbat, larri.
Orain, migratzaileekin eta giza-eskubideen alde lanean diharduten hainbat elkartek heriotzak argitzeko eskatu dute. Salatu duenez, "biktimek orduak eman zituzten hilzorian, laguntza eman behar zutenen begirada ankerraren aurrean".
Helena Maleno Mugak Ibiltzen Gobernuz Kanpoko Erakundearen bozeramaileak argitu duenez, baliteke hildakoen kopurua 37 pertsonatik gorakoa izatea.
Gobernuaren erantzuna
Espainiako Gobernuak mafiak seinalatu ditu Melillako hesiko "eraso bortitzaren" erantzule bakar gisa, eta horren kontra egiteko marokoar agenteen lankidetza goraipatu du berriz.
"Atzo, lehenik, elkartasuna adierazi nuen eta Estatuko indarrak gure herrialdean egiten ari diren lan paregabea aldarrikatu nuen, horietako zenbait eraso bortitzaren ondorioz zauritutako guardia zibilak; kalifikatzaile hori errepikatu nahi dut gainera, bortitza eta gizakiekin trafikatzen duten mafiek antolatua", adierazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak larunbat honetan prentsaurreko batean.
Bestalde, Pablo Echenique Kongresuko Unidas Podemoseko bozeramaileak esan du "hainbat indarkeria eta sufrimendu eragiten duen Marokok ezarritako muga-kanporatze eta xantaia-politika" birpentsatu behar duela Espainiak.
Decenas de personas muertas en la frontera de Melilla. España debe replantearse una política de externalización de fronteras y chantaje por parte de Marruecos que genera tanta violencia y sufrimiento.
— Pablo Echenique (@PabloEchenique) June 25, 2022
Cuando los muertos son rubios de ojos azules, todo el mundo lo tiene claro.
Podemosek ikerketa eskatu dio Europar Batasunari, "berehalakoa eta independentea", gertatutakoa argitu eta erantzukizunak argitzeko "autoritate migratzaileek egindako giza eskubideen urraketa larrien eta indarkeriazko irudi gogorren" aurrean.