Gizartea
Migrazioaren drama
Melillako hesia gainditzen saiatu ziren 23 migratzaileren heriotza argitzeko eskatu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIO
Hainbat elkartek diotenez, 37 dira guztira hildako gazte migratzaileak. Gobernuz Kanpoko Erakundeek salatu dutenez, "biktimek orduak eman zituzten hilzorian, laguntza eman behar zutenen begirada ankerraren aurrean".
Melillako hesia gurutzatzen saiatzen ari zirela, Marokoko Poliziarekin izandako istiluetan gutxienez 23 migratzaileren heriotza argitzeko eskatu dute migratzaileekin eta giza-eskubideen alde lanean diharduten hainbat elkartek. Liskarretan 140 polizia marokoar ere zauritu ziren, horietako bost oso larri.
Helena Maleno Mugak Ibiltzen Gobernuz Kanpoko Erakundearen bozeramaileak argitu duenez, baliteke hildako kopurua handiagoa izatea, "37 gazte migratzaileren heriotza baieztatu baitugu". Malenok salatu duenez, "biktimek orduak eman zituzten hilzorian, laguntza eman behar zutenen begirada ankerraren aurrean".
Giza Eskubideen aldeko Marokoko Elkarteak sare sozialetan zabaldutako irudietan ikus daitezke pertsona migratzaileak lurrean botata eta pilatuta, poliziaz inguratuta.
Migrants morts et blessés à Nador.Laisser dans cette situation sans aucun secours sur place des centaines de migrants qui ont été traités avec violences de la part des marocains et des espagnoles a sans doute augmenté le nombre de décès. AMDH Nador exige l'ouverture d'une enquête rapide et sérieuse.
Publicado por Association Marocaine des Droits Humains - Section Nador en Viernes, 24 de junio de 2022
"Erantzukizunak zuritzeko eta jazotakoa argitzeko ikerketa serioa eta osoa egin gabe, Saharaz hegoaldeko eta Sudango migratzaile hildakoen lurperatze arina agintzeko edozein saiakera salatu nahi dugu", adierazi du elkarte horrek.
Espainiar Estatua, "erantzunkide"
Zentzu berean mintzatu da Giza-Eskubideen aldeko Andaluziako Elkartea. Melillan gertatutakoa "tragedia jasaezintzat" jo du, eta berehalako ikerketa exijitu du. "Mugako kontrolak kanpora atera izanak Estatu Espainiarra erantzunkide bihurtzen du", gaineratu du.
Bestalde, Solidary Wheels elkartearen iritzian, "aspaldiko partez Espainiako eta Marokoko indar armatuek Melillan egindako indarkeria jazoerarik lazgarrienetarikoa izan da", eta gertaerak argitu ditzaten eskatu du.
Gobernuaren erantzuna
Espainiako Gobernuak mafiak seinalatu ditu Melillako hesiko "eraso bortitzaren" erantzule bakar gisa, eta horren kontra egiteko marokoar agenteen lankidetza goraipatu du berriz.
"Atzo, lehenik, elkartasuna adierazi nuen eta Estatuko indarrak gure herrialdean egiten ari diren lan paregabea aldarrikatu nuen, horietako zenbait eraso bortitzaren ondorioz zauritutako guardia zibilak, eta kalifikatzaile hori errepikatu nahi dut gainera, bortitza eta gizakiekin trafikatzen duten mafiek antolatua", adierazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak larunbat honetan, prentsaurreko batean.
Bestalde, Pablo Echenique Kongresuko Unidas Podemoseko bozeramaileak esan du "hainbat indarkeria eta sufrimendu eragiten duen Marokoren muga kanporatze eta xantaia politika" birpentsatu behar duela Espainiak.
Decenas de personas muertas en la frontera de Melilla. España debe replantearse una política de externalización de fronteras y chantaje por parte de Marruecos que genera tanta violencia y sufrimiento.
— Pablo Echenique (@PabloEchenique) June 25, 2022
Cuando los muertos son rubios de ojos azules, todo el mundo lo tiene claro.
Goizago ere, Podemosek ikerketa eskatu dio Europar Batasunari, "berehalakoa eta independentea", gertatutakoa argitu eta erantzukizunak argitzeko, "autoritate migratzaileek egindako giza eskubideen urraketa larrien eta indarkeriazko irudi gogorren" aurrean.
Elkarretaratzea, igande honetan
Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteak elkarretaratzea deitu du Donostian igande honetarako, ostiralean Melillako hesia gurutzatzen saiatu ziren 18 migratzaileen heriotzak salatzeko; "Espainia eta Marokoren arteko immigrazioaren aurkako itunak bermatutako odol-errekastoa".
Alderdi Ederren, udaletxe parean, izango da elkarretaratzea, eguerdiko 12:00etan. "Sarraski honen aurka" ahotsa altxatzeko eskatu du elkarteak.