Gizartea
EITB, AITA MARIN
Amaitu da Aita Mariren misioa Mediterraneoan, 113 lagunen bizia salbatuta
Onintza Aiestaran | Olatz Prat | EITB Media
Ekainaren 6an Malagatik abiatu zenetik, Itsas Salbamenduko ontziak lau erreskate egin ditu, eta 113 pertsona atera ditu uretatik. Ontzia 112 pertsona zeramatzala iritsi da portura; izan ere, erreskatatuetako bat ospitalera eraman zuten duela egun batzuk bere osasun-egoeragatik.
Erreskate eta bizikidetzako astebete eta bizipen indartsu ugariren ostean, Aita Mari itsas salbamenduko euskal ontzia iritsi da Siziliako Augusta portura, eta dagoeneko lehorreratu dira ontzian zihoazen 112 lagunak. Espero zenaren kontrara, azkarra izan da prozesua. Lehenik adin txikikoak eta familiak lehorreratu dira eta, ondoren, beste guztiak. Ontzitik irtetean, medikuek azterketa azkar bat eta covid-proba egin diete. Horrela amaitu da, helburua beteta, joan den ekainaren 6an Malagako portutik itsasora abiatzean hasitako misioa.
Ontzia uzteko prestatzen. (Asier Sanchez)
Izaskun Arriaran misioaren koordinatzaileak Egun On Euskadi saioan nabarmendu duenez, "poztasuna" izan da nagusi ontzian porturatzeko baimena zutela jakin dutenetik. Halere, egun zailak izan direla onartu du, "misiorik gogorrena izan da dudarik gabe, lau erreskate egin ditugu, egoera eta ezaugarri ezberdinekin denak ere" eta une oso bortitzak bizi izan dituzte ontzian, tentsio momentuak tartean.
Gainera, elkarrekin pasa dituzten egun hauetan guztietan, tripulazioak erreskatatutako pertsona bakoitzak bizkarrean daraman bizitza eta istorio gogorren berri izan du, Suzanarena kasu, Eritreatik 13 urterekin ihes egin zuen neskarena, edo Soukaynarena, hiru seme-alabak hartu eta itsasoa gurutzatu duen 30 urteko emakumea.
Soukayna, lehorrean, seme-alabekin.
Pertsona horien etorkizunaz galdetuta, Arriaranek argitu du adin txikikoak direnak zentroetara eramango dituztela eta besteek hiru urteko bidai luzeari ekingo diotela, eskaerak egin eta paperak lortu arte. "Bidaia ez da amaitu eta beraientzat gogorra izango da oraindik ere", azpimarratu du.
Adin txikikoak izan dira lehorreratzen lehenak, Asier Sanchezek bideoan jaso du momentua:
“GRACIAS POR LO QUE HABÉIS HECHO POR NOSOTROS” Los rescatados han dado las gracias a la tripulación y alguno incluso ha pedido perdón por su comportamiento a bordo. Los primeros que han desembarcado han sido los menores no acompañados @eitbNoticias @Boulevardeitb @maydayterraneo pic.twitter.com/keDqpUUPSg
— Asier Sánchez (@Asiersangar) June 23, 2022
Misio gogorra bezain arrakastatsua
Aita Marik egunak zeramatzan Mediterraneoan erreskatatutako 112 pertsona migratzaileak lehorreratzeko portu bila, eta atzo Sizilian porturatzeko baimena eman zion Italiak.
Azken egunetan, ontzi barrutik ohartarazi dute tentsioa handia zela espazio mugatuak, estresak eta bizikidetza zailak eraginda. Izan ere, itsasoan erreskatatu dituzten pertsona horietako batzuk ekainaren 14tik daude barruan.
Misio honetan, Aita Marik lau erreskate egin ditu. Azkena ostiralean izan zen eta 45 pertsona salbatu zituen. Aurrez, 11, 17 eta 40 pertsona erreskatatu zituen. Beraz, 113 pertsona guztira.
Horietako bat, Hamsa 15 urteko mutil etiopiarra, Lampedusan lehorreratu zuten iragan ostiralean ospitale arreta behar zuelako.
EITB Media azken misio honen lekuko berezia izaten ari da. Izan ere, Asier Sanchez kazetaria ontzi barruan doa, jarraipen zabala egiteko eta bigarren misio honen nondik norakoak gertutik ezagutzeko.
Erreskate ontzia ekainaren 6an abiatu zen Palmako portutik Mediterraneo erdialdera, denboraldiko bigarren misio humanitarioan.
Aurreko misioetan bezala, pobreziatik edo gerratik ihesean, Mediterraneo itsasoan euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten migratzaileak erreskatatzea izan da helburua.
Porturatzea amaitutakoan inspekzioa pasa dezake Italiak ontzian, hala gertatzen bada eta dena ondo bada, Euskal Herrira itzuliko da Aita Mari ontzia, beharrezko konponketak egin eta irailetik aurrera berriz itsasora ateratzeko.