Gizartea
Duintasunez hiltzeko eskubidea
Eutanasiaren legeak urtebete Euskadin, datu guztiak
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Eskubidea gauzatu duten 25 pertsonen batez besteko adina 64 urtekoa da. Gehienak etxean hil dira. Osakidetzako profesionalen % 2,5ek bakarrik eman dute izena kontzientzia eragozpenaren erregistroan.
-
Eutanasiaren aldeko mobilizazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Aurki beteko da urtebete Espainiako Estatuan eutanasiaren legea indarrean sartu zela, eta, 12 hilabeteotan, Osakidetzak hiltzeko eskubidea gauzatzeko laguntza medikua eman die 25 pertsonari, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Euskadi Irratian aurreratu duenez.
Gerora, Osasun Sailak gehiago zehaztu ditu datuak, ohar batean. Guztira, 71 eskaera jaso dituzte, eta 25 eutanasia prozedura burutu. Gainerakoan, 22 pertsona hil egin dira eskubidea gauzatu aurretik, eta 18 prozesuaren une ezberdinetan daude. Halaber, eskarien % 8 ukatu dituzte (sei kasu).
Eutanasia eskatzaile gazteenak 37 urte zituen, eta nagusienak, 89 urte. Hala, batez besteko adina 64 urtekoa da.
Gehienek, % 69k, etxean hiltzeko hautua egin dute, eta lautik batek, ospitalean. Eskatzaileen % 5ek egoitza sozio-sanitario batetik egin du prozedura.
Osasun Sailak emandako datuen arabera, prozesuaren batez besteko denbora 45 egunekoa da. Gainera, eskatzaileen % 16k organoak eman zituen.
Legeak harrera "positiboa" izan du Osakidetzako langileen artean. Izan ere, % 2,5ek bakarrik eman dute izena kontzientzia eragozpenaren erregistro ofizialean. Osasun Sailetik nabarmendu dutenez, "kontzientzia eragozpenak eutanasiaren eskabideen tramitazioan izan duen eragina gutxienekoa izan da. Euskadin ez da arazo izan eutanasiaren legea ezartzeko". 5.000 profesionalek baino gehiagok prestakuntza jaso dute lehen urte honetan.