Itxi

Gizartea

Gasteiz

Gasteizko tranbia 2023ko udaberrian iritsiko da Salburuaraino

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Linea berria eraikitzeko lanak ekainaren bukaeran hasiko dira Florida kalean, eta iraila aldera amaituko dituzte.

  • Agintariak tranbiaren ibilbide berriaren obrak ikusten. Argazkia: Gasteizko Udala

    Agintariak tranbiaren ibilbide berriaren obrak ikusten. Argazkia: Gasteizko Udala

Euskotrenen aurreikuspenaren arabera, Gasteizko tranbiaren ibilbide berria 2023ko udaberria iritsiko da Salburua auzoraino. Aurrez, urte hasieran, hainbat proba egingo dituzte denak behar bezala funtzionatzen duela egiaztatzeko.

Gaur goizean obrak ikusten izan dira Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Iñaki Arriola Lurralde Antolakuntza, Etxebizitza eta Garraio sailburua.

Tranbia Salburua auzoraino eramateko egitasmoa gauzatzeko 24,8 milioi euroko aurrekontua erabiliko dute. Eusko Jaurlaritzak jarriko du diruaren % 65 eta gainerakoa Aldundiaren eta Udalaren artean ordainduko dute.

Datorren ekainaren 27an hasiko dira linea berriaren obrak Florida kalean eta egun horretatik aurrera Jose Lejarreta kalearekin duen lotunea itxita egongo da. Lanak irailera arte luzatuko dira.  

Euskotrenek azaldu duenez, tranbiaren plataforma berriaren eraikuntza "oso aurreratuta" dago eta, egun, tranbiaren trazadurarekin lotzeko Florida kalean dagoen tarteaz gain, trenbideen muntaketa osoa osatzeko, Iliada eta Salburua kaleen arteko eta Aerodromoko pasealekuaren eta martxoaren 8ko etorbidearen arteko tarte batzuk baino ez dira geratzen.

Horrez gain, tranbiaren bost geltoki berrien eraikuntza ere oso aurreratu dagoela ziurtatu dute.

Las obras de la nueva línea del tranvía. Foto: Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz

Tranbiaren ibilbide berriaren obrak. Argazkia: Gasteizko Udala