Gizartea
Eraso sexisten kontra
Festetan eraso sexistei aurre egiteko protokoloa proposatu die herriei Euskal Hirigune Elkargoak
EITB Media
Udako jaien sasoiaren hasiera, Baionan azken urteotan martxan denaren gisako protokoloa lurralde osora zabaltzea da helburua, bestetan parte hartzen duten guztiak sentsibilizatu, eta prebentziorako, informaziorako eta biktimen harrerarako tresnak eskaintzea.
-
Festak Baionan. Artxiboko irudia.
Euskal Hirigune Elkargoak Bestetan bortizkeria sexista eta sexualen kontrako borroka protokoloa prestatu du eta Ipar Euskal Herriko 158 herriei bidali die, derrigorrezko ez bada ere, herriko jaiak antolatzean aintzat har dadin.
Baionan 2017an abian jarri zuten protokoloaren gisako bat lurralde osora zabaltzea da asmoa, festetan parte hartzen duten eragile eta herritar guztiak sentsibilizatu, eta tresnak ematea jaietan eraso sexistak prebenitu eta aurre egiteko.
Horrela, dispositiboa jaien antolakuntzatik bertatik abiatuko da, jaien antolaketan, guneen eta ekitaldien diseinuan kontuan har dadin bortizkeria sexualaren alderdia ere. Horretarako festa aurretik bilerak egitea gomendatzen dute, ostalariak, komertzioak, elkarteak, segurtasun eragileak eta jaietan parte hartzen duten bestelako eragileak gonbidatuz. Dispositiboaren inguruko informazioa eta formazioa eskainiko zaie guztiei.
Festetan, bestetik, indarkeria sexistaren inguruko informazio eta erreferentzia-gune bat ezartzea proposatzen du protokoloak. Publiko zabalaren sentsibilizaziorako informazioa eta gomendio afixak banatzeko, hala nola, eraso baten lekuko izanez gero egin beharrekoaz edo norbait egoera zaurgarrian dela ikusiz gero hura laguntzeko moduez.
Era berean, kolore batez identifikagarri diren pertsonak errelebotan antolatzea proposatzen du, besteen segurtasunaz arduratuko direnak, haien presentziari esker lasaigarriak liratekenak, egoerak aurreikusiko dituztenak eta biktimak orientatuko dituztenak.
Horrez gainera, biktimen harrera gune bat finkatzea ere gomendatzen da, biktimei babesa eskaini ahal izateko, lasaitzeko, eta erasotzaileak identifikatzen lagunduko luketen lekukotasunak bilatzen laguntzeko. Harrera gunearen baitan, lekukotasunak biltzeko txoko bat jartzea proposatzen du protokoloak, biktimarekin hitz egin eta prozedura judiziala eta salaketa prozedura jakinarazteko.
Protokolo honen bidez, Euskal Elkargoak ez du erakutsi nahi gai honekiko lurraldea eredugarria denik, baizik eta eraso sexisten kontrako borroka presente dagoela kezken artean.