Gizartea
Bero-bolada
Barbakoak debekaturik egongo dira larunbat honetan Gipuzkoan, sute arriskuagatik
EiTB Media
Era berean, iragan asteazkenetik sastrakak erretzea debekaturik dago landa-eremuetan.
-
Barbakoa bat. Artxiboko irudia: EITB Media
Gipuzkoako Mendietako eta Natura Inguruneko Foru Zuzendaritzak bihar hilak 18, larunbatarekin, egun osoan zehar barbakoak edo parrillak erabiltzeko debekua ezarri du, sute-arriskua prebenitzeko ezohiko neurri gisa.
Foru Aldundiak ohar batean azaldu duenez, egunean zehar bat egingo duten baldintza meteorologiko espezifikoen ondorioz ezarriko da debekua; izan ere, aurreikuspenen arabera, Gipuzkoan tenperatura oso altuak izango dira bihar, hego haizea indartuz joango da eta eguerditik aurrera, haizearen norabidea aldatzearekin bat, lurraldeko hainbat puntutan ufada handiak sor daitezke.
Aldundiak lurralde osoan aisialdiko sua debekatzeko prebentzio-erabakia hartu du, 2006ko Mendien Foru Arauak aurreikusi moduan, "baldintza meteorologiko kaltegarriak" ematen diren kasuetarako.
Era berean, joan den asteazkenetik (hilak 15) debekatuta dago sastrakak erretzea landa-eremuetan; datorren astelehenean egoera aztertuko da, asteazkenetik indarrean dagoen neurri honi eutsi ala ez erabakitzeko.
Bestalde, asteburu honetarako tenperatura altuak aurreikusten direnez, eta Arabako aisialdi eta jolas guneetara jende ugari hurbil daitekeela kontuan hartuta, Arabako Foru Aldundiak arreta handiz jokatzeko gomendatu du, sute arriskua dela-eta, eta, horrez gain, aldi baterako zigilatu ditu foru parkeetako barbakoak, bai eta Arabako udalerri eta kontzejuetako aisialdi guneetakoak ere.
Neurriak Nekazaritza Sailak eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten barbakoei eragiten die, hain zuzen ere, honako hauei: txinpartak itzaltzekorik ez dutenei; estalita ez daudenei; obra egitura finkoa ez dutenei, alegia, zorutik sabairaino itxitako obra paretak ez dituztenei; barbakoaren ondoan errautsak bota ahal izateko ontzirik ez dutenei, edo tximiniatik zuhaitzik hurbilenaren adabururaino bost metro baino gutxiagoko distantzia dutenei.