Gizartea
Jaiak
Donostia 'su txikien itsaso' bihurtuko da San Joan bezperako gauean
O. P. | EITB Media
18 su piztuko dira hiri osoan zehar, eta horien bueltan eta aitzakian, hamaika ekintza antolatu dituzte auzoetako festa eta bizilagun batzordeek eta Udalak.
-
2019ko Sagueseko San Joan sua. EFE
Eguzkia Igeldo atzean ezkutatzen hastearekin bat hasiko dira urteko gau luzeenaren eta magikoenaren soinu, dantza eta usainak Donostiako auzo eta kaleak hartzen.
Hiriko 18 auzotan antolatu dituzte aurtengoan San Joan gaueko egitarauak eta 18 izango dira piztuko diren suak ere, aintzinako ohiturei eutsiz zaharrak erre eta onak erakartzeko.
Eduardo Galeano parafraseatuz, 'su txikien itsaso' bihurtuko da Donostia San Joan gauez.
Honakoak dira, banan banan, auzoetako San Joan su eta egitarauak:
1. Donostia Festak (Konstituzio plaza)
20:00etatik 21:30era, Udal ordezkariek ekitaldia egingo dute Udal Txistulari taldeaz lagundurik, baita Goizaldi, Arkaitz, Eskola eta Gero Axular Dantza taldeetako dantzariez lagundurik ere. Dantzak, sua pizteko ekitaldia eta erromeria izango dira Konstituzio plazan.
2. Igeldo (herriko plaza)
17:00etan hasita, txaparroen prestaketa, afari-merienda, afaria, San Joan gaueko koplarien irteera eta San Joan sua (22:00-23:30) izango dira, Ttonttorro jai batzordeak antolatuta.
3. Antigua (Gaskuña plaza)
19:00etatik aurrera, Antiguotarrak Euskal Dantza Taldeak antolatuta, buruhandi eta trikitilariak, San Joan koruak, sua (22:00-23:30), soka-dantza, lore banaketa eta erromeria izango dira.
4. Parte zaharra (Paseo Berriko aparkalekua)
18:00etatik aurrera, Sorgin dantza entsegua egingo da Trinitate plazan eta merienda banatuko dute bertan. Ondoren, kalejira izango da Paseo Berriraino, eta, han, sua (22:00-24:00) eta dantzak izango dira.
5. San Roque kalea
Sua piztuko dute 22:00etatik 24:00etara
6. Aiete (Jolastokian)
18:30ean hasita, Sardina-jana, dantzak Gero Axularrekin eta sua (21:30-24:00) izango dira Aiete-Lantxabeko bizilagun elkarteak antolatuta.
7. Amara Zaharra (Easo plaza-Kiosko)
18:00etan, sua prestatzen hasiko dira. Ondoren, txokolatada, soka dantza, toka txapelketa, zezensuzkoa eta sua (22:30-24:00) izango dira.
8. Morlans (Morlans, 35)
Morlanstarrak auzo elkarteak antolatuta, 18:30ean hasita, haurrentzako ikuskizuna izango da, eta, ondoren, parrillada. Sorgin afaria, sorgin jaitsiera, keimada eta konjurua ere egingo dituzte eta sua piztuko dute ondoren.
9. Amara Berri (Anoetako estadio aurrean)
19:30etan kantujira izango da Ikasbide Kultur Elkarteko abesbatza eta txistulariekin eta 22:30ean sua piztuko dute, konjuru eta herri dantzez lagunduta. Bukatzeko, zezensuzkoa aterako da.
10. Sagues (Tomas Alba Zabalgunea)
Uliako Auzo Elkarteak antolatuta, 19:00etatik aurrera, sardina-jana, keimada, lore-banaketa, euskal dantzak eta sua (21:30-24:00) izango dira.
11. Loiola (Ciudad Jardineko Kantxak)
21:00etan aztia eta sorgina iritsiko dira plazara. Ondoren, kalejira egingo dute, eta, 21:30ean sua piztuko dute, Loiolako jai batzordeak antolatuta.
12. Txomin
Lanberri elkartearen ekimenez, sua piztuko da 21:00etan.
13. Martutene (Okendotegi bidea, 41)
Sarroeta elkarteak antolatuta, 17:30ean, haurrentzako joko herrikoiak izango dira. Afari-meriendaren ostean, sua piztuko dute (22:00etan).
14. Bidebieta (Allende parkea)
Thamessis kultur elkarteak Udafest, jaia antolatu du. 17:00etan, tailerrak, puzgarriak, merienda eta ikuskizuna izango dira. Ondoren, sua prestatuko dute eta parrillada egingo dute. Gauerdian piztuko dute sua.
15. Intxaurrondo (Bernart Etxepare plaza)
Plazara Goaz elkartearen eskutik, sua piztuko dute 22:00etan, eta dantzak egingo dituzte. Estangatarren emanaldiaren ostean, zezensuzkoa aterako da, eta gauerdian amaituko da jaia, trakarekin.
16. Herrera (San Luis plaza)
21:30ean piztuko dute sua eta dantzak izango dira Pasaiako txistulariekin eta Beti Alai dantza taldearekin. Ondoren, zezensuzkoa aterako da eta azken traka izango da. Luisito eta Luisia DJaren emanaldiaren ostean, gauerdian, Gaixoa ni!! ekitaldia izango da.
17. Larratxo (Eskolan)
17:00etan, suaren prestaketarekin ekingo diote Osteguna bizilagun-elkarteak antolatutako egitarauari, eta, haurrentzako jolasen ondotik, sardina eta saiheski jana egingo dute. 23:00etan, sua piztuko dute, eta, gauerdian, zezensuzkoa izango da.
18. Oleta (Oleta galtzada, 27)
Oletako jai-batzordeak antolatuta, 22:30ean DJa izango da, eta, gauerdian, sua piztuko dute.
Donostiako San Joan suen planoa.