Itxi

Gizartea

Larrialdi klimatikoa

Zergatik dira gero eta ohikoagoak muturreko fenomeno meteorologikoak?

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Lurra lehortzen duten eta suteak larriagotzen dituzten bero boladetatik, uholdeak eragiten dituzten euriteetara. Fenomeno meteorologiko horien kopurua ugaritu egin da azkenaldian, eta, adituen arabera, gizakia da errudun nagusietako bat. Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunarekin izan gara.

  • Muturreko fenomeno atmosferikoak Euskal Herrian

    Muturreko fenomeno atmosferikoak Euskal Herrian

Beroaldiak edo hotz boladak, zikloi tropikalak, lehorteak edo euri jasak. Azken urteetan, areagotu egin dira muturreko fenomeno meteorologikoak, eta, horiekin batera, baita hondamendi naturalak ere, hala nola suteak edo uholdeak. Baina zergatik dira gero eta ohikoagoak? Aditu askok adierazi dute klima aldaketa dela erantzule nagusia.

Bero bolada betean, EITB Mediak Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunarengana jo du: "Klima aldaketak bero boladak gogorragoak izateko edo bolada horiek lehenago heltzeko probabilitatea handitzen du, baita denboran gehiago irautea ere", adierazi du. Hala ere, uste du egun hauetan Euskal Herrian bizi dugun beroaldia egoera zehatz bat dela, eta ez dela klimaren eredua aldatzearen ondorioa. "Bero boladak bizitza osoan egon dira, eta beti egongo dira", nabarmendu du.

"Berotze globalaren ondorioz tenperatura hotzak lehen baino baxuagoak dira oro har"

Euskal Herriko herri eta hiriek hainbat fenomenori aurre egin behar izan diote 2022an, besteak beste, kazkabar erasan handiei, hotz boladei edo uholdeei. Azken horien ondorioz, hainbat ibaik gainezka egin izan dute sarri, kaleak, zelaiak eta errepideak urpean utziz. Abenduan, adibidez, nafarrek eta arabarrek azken aldiko uholde gogorrenetako bat bizi izan zuten.

Eta hori, zer dela eta? Gauza jakina da gaur-gaurkoz sare sozialen bidez, informazioa urrunago, azkarrago eta jende gehiagorengana iristen dela. Horregatik, Euskalmeteko arduradunak adierazi du zaila dela jakitea orain garai batean baino muturreko fenomeno gehiago ote dauden. "Oso datu gutxi ditugu jakiteko historian zenbat txingor erasan izan ditugun, nolakoak ziren antzinako erasan horiek edo zein tamainakoak ziren", azpimarratu du.

"Orain uda lehenago hasten da eta gehiago luzatzen da. Negua, laburragoa da"

Hala ere, eta Glasgowko klimaren konferentziarekin bat, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi zuen muturreko fenomeno meteorologikoak jada normaltasun berria direla. "Gero eta froga zientifiko gehiago daude fenomeno horietako batzuen oinarrian gizakion jarduerak eragindako klima aldaketa dagoela esateko", azaldu zuen Petteri Taalas Munduko Meteorologia erakundeko idazkari nagusiak.

Ulibarriko urtegia.

Ulibarriko urtegia.

Horrek bezala, aditu askok lotzen dituzte azken urteotako muturreko gertakari horiek giza ekintzak eragindako planetaren berotzearekin. Euskalmeteko arduradunaren arabera, berotze globala ondorengoa ari da eragiten: "Tenperatura hotzak antzina baino baxuagoak izatea, eta beroak, berriz, lehen baino ohikoagoak izatea".

Klima aldaketaren eraginez urtaroak ere aldatzen ari ote diren galdetuta, Arandak onartu du badagoela sentsazio hori; izan ere, azken boladan "arraro samar jokatzen dute". Tenperatura kontuan hartuta, "orain udak garai batean baino askoz gehiago irauten du. Hasiera aurreratu egin da, eta amaiera, atzeratu. Negua, berriz, motzagoa da", adierazi du.

Dena dela, horren esanetan, zaila da hori baieztatzea, informazio gutxi baitago:" Oraindik ez dago estatistika guztiz erabakigarririk horrela dela esateko. Urte asko beharko genituzke jakiteko", gaineratu du.

Egun hauetan izaten ari garen muturreko tenperaturak ere izan ditu hizpide. Hala, meteorologian adituak aire beroaren sarrera indartsua izaten ari dela kontatu du, eta baldintza berezi batzuk betetzen dituela beroaldi honek: oso goiztiarra dela, (ohikoena da hilaren amaieran izatea); hedadura handia hartzen ari dela (Iberiar Penintsula osora zabaldu da ia) eta garaiera handietan sartu dela (kontu deigarria Arandaren arabera). "Ostiralerako, esaterako, Gorbeiako puntan 25 gradu espero ditugu", azaldu du.

Tenperatura altuak Nafarroan

Euskal Meteorologia Agentziako arduraduna ez da ausartu datorren udan zer nolako eguraldia izango dugun esatera, eta gogorarazi du, momentuz, larunbatera arte tenperatura altuekin jarraituko dugula, eta, orduan, arratsaldetik aurrera, iragarpena betetzen bada bederen, tenperaturak jaitsiko direla.