Gizartea
Odol Emailearen Mundu Eguna
Osakidetzak app berria jarri du abian, odola ematea sustatzeko
EITB Media
Aplikazioa deskargatzen duten erabiltzaileek emateen guneen leku geolokalizatuak ikusi ahalko dituzte bertan, bai eta odolaren eta haren deribatuen emateen gaineko informazio pedagogikoa ere.
-
Artxiboko irudia: EITB Media
Osakidetzak mugikorrerako aplikazio berria jarri du abian, Euskadin odola ematea sustatzeko funtzionaltasun berriak eskaintzeko aukera emateko, urteko denboraldi zehatzetarako kanpaina berezietan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar batean jakitera eman duenez.
Aplikazio horren helburua da beste bide bat gehiago zabaltzea Osakidetzak odola eta beste ehun batzuk emateko eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzera emateko, baita Euskadiko osasun sistemaren beharrei erantzuteko emaileen kopurua handitzen jarraitzea ere.
Aplikazioa deskargatzen duten erabiltzaileek emateen guneen leku geolokalizatuak ikusi ahalko dituzte bertan, bai eta odolaren eta haren deribatuen emateen gaineko informazio pedagogikoa ere.
Gainera, galdetegi baten bidez, bertara sartzen den pertsonak jakin ahalko du une horretan gai den odola emateko; hala, Emate Unitateetan ez du ilararik itxaron beharko.
Bestalde, odol-emaileei haien emateen historikoari eta odol-taldeari buruzko informazioa emango zaie, eta hurrengo emate-dataren berri izango dute.
Aplikazio hau Osakidetzako Mugikorren Atariaren barruan integratuta dago; beraz, hura deskargatuz gero, erabiltzaileek edukia ikusi ahalko dute. Google play edo appstrore bidez egingo dute, gailuaren arabera.
Odol Emailearen Mundu Egunaren bezperan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gogorarazi du odol-emateak jarraitzen duela transfusiorako edo plasmaren deribatuak diren medikamentuak egiteko hainbat eta hainbat osagai eskuratzeko "modu bakarra" izaten, osasun-jardueran "ezinbestekoak" direla aintzat hartuta. Hori dela eta, euskal herritarrak odola eta plasma ematera animatu ditu, urtean milaka bizitza salbatzen dituen ekintza solidarioa baita.
Joan den urtean, Euskadik, guztira, 49.230 emaileren 84.411 emate erregistratu zituen; gehienak ohiko emaileak dira, eta erregulartasunez ematen dute (urtean bi aldiz edo gehiago), baina nabarmentzekoa da, halaber, beste 6.918 emaile gehiago daudela.
Globulu gorrien 76.581 kontzentratu, 11.560 plaketa-dosi eta 76.283 unitate plasma lortu ziren eta, haietatik, 21.504 litro honako hauek egiteko erabili ziren: immunoglobulinak, koagulazio-faktoreak edo albumina. Medikamentu horiek immunoeskasiak dituzten pazienteei, gaixo kronikoei eta abarrei bideratzen zaizkie.
Guztira, 17.777 pertsona baino gehiago izan ziren produktu horien guztien onuradun, eta, hala, haien bizitza salbatu edo osasuna hobetu zen. 2022ko ekainaren 2ra arte, 35.632 emate egin dira aurten, orain arte.