Gizartea
Araba Euskaraz
Arabako ikastolak, elkarrekin Araba Euskarazen, ekainaren 19an, Olarizun, Argantzon Ikastolaren alde
EITB MEDIA
1981ean bezala, arabar ikastola guztiek (egun zortzi dira) elkarrekin antolatu dute Araba Euskaraz; halaber, urte hartan egin zutenez, Olarizun (Gasteiz) ospatuko dute. Goiburua ‘8. alaba' da, eta Trebiñura igortzen du; bertan da Argantzon Ikastola.
-
Araba Euskaraz ekainaren 19an egingo dute, Olarizun. EITBren bideo batetik hartutako argazkia.
Arabako ikastola guztiak, zortzi dira egun, elkarrekin ibili dira lanean amaitzear dagoen ikasturtean Araba Euskaraz 2022 antolatzea helburu. Arabar ikastolen festa nagusia ekainaren 19an egingo dute (igandea da), Gasteizko Olarizuko parkean, eta horrela burutuko dituzte azken hilabeteotan egindako ekitaldi guztiak, ostiral honetako aurkezpenean esan dutenez.
Aurtengo Araba Euskarazek '8. alaba' du Goiburu. Horrek Trebiñura igortzen du, alegia, "zortzigarren alaba" den lurraldera; bertan da Argantzon Ikastola, Argantzonen, eta hezkuntza-zentro horren alde ospatzen da aurten Araba Euskaraz.
Antolatzaileek prentsa-ohar bidez nabarmendu dutenez, 1981eko Araba Euskaraz, hau da, egin zuten lehenengoa, elkarrekin antolatu zuten Arabako ikastola guztiek, orain bezala, eta Olarizun egin zuten orduan ere.
"Ez egun bakarreko jaia"
"Argi genuen", dio aipatutako iturriak, "ez zela egun bakarreko jaia izango. Aitzitik, ikasturte osoan, zortzi ikastoletan, Araba zabalean, hainbat jarduera eta ekitaldi antolatu ditugu. Urte osoko jarduna izan da, beraz, eta Araba Euskaraz eguna urte osoari bukaera emango dion jai-eguna izango da".
Egun horretako ekitaldiak 10:00etan hasiko dira, eta, jarraian, Olarizura joango diren milaka lagunek hiru gune izango dituzte gozatzeko: Haritza, Pagoa eta Ametza, 11:00etatik 19:00etara. Aurreikusitako ikuskizunen artean, Ene Kantak eta Go!azen dira.
Omenaldia
Araba Euskarazek omenaldi bat ere izango du: "Aurten, auzolana eta elkarlana azpimarratu nahi ditugu, horiek baitira Araba Euskaraz eta ikastolen jaiak aurrera eramateko ezaugarri nagusiak". Hala, urte hauetan guztietan antolatutako jaietan ikastola bakoitzeko komunitatetik lan aipagarria egin duten pertsona bana omenduko dituzte; besteak beste, Anjel Olalde, "urte askotan Araba Euskaraz antolatzeko koordinazio lanetan aritu dena, eta egun erretreta hartua duena".
Halaber, "Araban euskararen alde auzolanean dabilen eta gurekin ere askotan ibiltzen den Alea aldizkaria ere omendu nahi dugu", ekainaren 19ko ekitaldian, adierazi dute.
Argantzon Ikastola Arabako txikiena da. 2003ko urriaren 27an ireki zuten, eta egun 68 ikasle ditu. 2021-22 ikasturtean, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ikastola horretan osorik egin duen lehen promozioa irtengo da bertatik.