Gizartea
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ferreira: "Medikuntza plazen kopurua handitzen joan gara azken urteetan, orain 330 dira"
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
EHUren errektoreak esan du kopuru hori handitzeko erabakia Osakidetzarekin batera aztertu behar dutela, baina ohartarazi duenez, "orain egiten dugun edozein gauzak 10 urteren buruan" izango dituela ondorioak.
-
Ferreira, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Eva Ferreira EHUren errektoreak jakinarazi duenez, Medikuntza gradua ikasi nahi dutenei eskaintzeko plazen kopurua handitzen joan da unibertsitatea azken urteetan. "Duela urte batzuk 250 ziren, eta orain 330 dira", zehaztu du. Kopuru hori handitzeko aukeraz galdetuta, erabakia Osakidetzarekin aztertu behar dutela erantzun du Ferreirak, baina ohartarazpena ere bota du: "Orain egiten dugun edozer gauza 10 urteren buruan izango du eragina gizartearengan".
Radio Euskadiren "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan egunotan bolo-bolo dabilen gaiaren inguruan galdetu diote errektoreari, hots, Lehen Arretan dagoen profesional eskasiari buruz. Hain justu, horren kontura EHUk zerbait egiterik ote duen itaundu diote Ferreirari. Errektoreak aitortu du Bilboko Basurtu auzoan eraikiko duten Medikuntza fakultate berriak arazoa konpontzen lagun dezakeela. Horren harira, esan du litekeena dela lanak irailean hastea. "Espero dut 2024-25 ikasturterako prest egotea, baina zaila da urte batzuetarako iragarpenak egitea", erantsi du.
Halaber, Osasun Sailak Erizaintzari eman nahi dizkion ardura eta funtzio berriez galdetuta, berretsi du erabakia Osakidetzarekin batera hartu behar dutela; "ikusi beharko dugu zer nolako eskuduntzak eta aldaketak egin nahi dituzten", argitu du.
Europak agindutako egonkortze prozesua hizpide, iragarri du EHUk 1.200 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa (LEP) egingo duela. "Egoera irauliko dugu, eta 2024ko abendurako, behin-behinekotasuna % 8tik behera egotea lortuko dugu. Oso albiste ona da", txalotu du.
Azkenik, aurten lehen aldiz EHUk hartuko duen neurri bat izan du ahotan Ferreirak. Energia kontsumoa jaisteko eta jasangarritasunaren alde, unibertsitateko bulegoak itxiko dituzte bi astez abuztuan: "Aurretik ere egiten genuen, baina modu indibidualean. Orain modu orokortuan egingo dugu".