Itxi

Gizartea

Gaixotasunak

Tximino-baztangaren aurkako txertoa eta covid-19aren kontrako bigarren oroitzapen-dosia ematea erabaki dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Tximino-baztangaren aurkako txertoa birusarekin kontaktuan egon ahal izan diren arrisku handiko pertsonei emango zaie; covid-19aren kontrako txertoaren oroitzapenerako bigarren dosia, berriz, pertsona zaurgarriek eta 80 urtetik gorakoek jasoko dute.

  • Gizon bat covid-19aren aurkako txertoa jasotzen. Artxiboko argazkia: EFE

    Gizon bat covid-19aren aurkako txertoa jasotzen. Artxiboko argazkia: EFE

Tximino-baztangari aurre egiteko txertoa eta covid-19aren kontrako txertoaren bigarren oroitzapen-dosia ematea erabaki du Osasun Publikoaren Batzordeak.

Espainiako Osasun Ministerioak azaldu duenez, tximino-baztangaren aurkako txertoa birusarekin kontaktuan egon ahal izan diren arrisku handiko pertsonei emango zaie; covid-19aren kontrako txertoaren oroitzapenerako bigarren dosia, berriz, pertsona zaurgarriek eta 80 urtetik gorakoek jasoko dute.

Espainiako Gobernuak onartu du oraingoz 200 txerto baino ez dituela eskuratu tximino-baztangari aurre egiteko eta horregatik erabaki dutela birusarekin kontaktuan izan diren arrisku handiko pertsonei soilik ematea.

Agerraldiak okerrera egiten badu eta dosi gehiago jasoz gero, txertaketa beste kolektibo batzuetara zabaltzea aztertuko dutela erantsi dute.

Oraingoz, Espainian 233 kasu baieztatu dituzte, guztiak arinak.

Horrez gain, pertsona zaurgarriei, erresidentzietan bizi direnei eta 80 urtetik gorakoei covid-19ari aurre egiteko txertoaren bigarren oroitzapen-dosia ematea ebatzi dute Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek ostegun honetan egindako bileran.