Itxi

Gizartea

2022ko sanferminak

San Ferminetako eskaileraren azken maila igo dute iruindarrek

EITB MEDIA

Gaur, ekainak 6, erdiguneko estatua guztiak sanferminetako zapi gorria lepoan dutela esnatu dira, eta sanferminetarako gutxiago geratzen dela gogoratu dute. Arratsaldean, gainera, kaleak musikaz beteko dira eskaileraren azken maila ospatzeko.

0:41
El Monumento al Encierro. Imagen obtenida de un vídeo de EITB Media.

Hilabete geratzen da 2022ko sanferminei ongietorria emateko, eta iruindarrak dagoeneko hasi dira atzerako kontaketarekin. San Fermin jaiak iragartzeko aurtengo irudia ezagutzen dugu, baita hiria dantzan jarriko duen soinu-banda ere, eta entzierroetarako hesia prest dago Iruñean.

Gaur, ekainak 6, egun berezia dute hirian, eskaileraren azken maila ospatuko baitute musika ardatz harturik. Gainera, ezusteko handi batekin esnatu dira iruindarrak; izan ere, hiriguneko estatua guztiek San Ferminen zapi gorria dute soinean. Horrek zer esan nahi du? Bi urteko etenaldiaren ondotik, prest dagoela Iruñea aurtengo sanferminetarako!

Iruñeako erdiguneko estatuak zapi gorria soinean dutela esnatu dira

Iruñeko erdiguneko estatuak zapi gorria soinean dutela esnatu dira. Irudia: Iruñeko Udala

Musikarekin ospatuko dute Iruñean eskaileraren azken maila

Sanferminetako abesti ezagunak dioen bezala, gaur, ekainaren 6a, "eskailera" delakoaren azken maila igoko dute gaur herritarrek, eta, hori ospatzeko, hiriko erdiguneko kaleak lau musika talderekin girotuko dituzte arratsaldean.

Gaiteroak, txaranga bat, New Orleanseko soinua ekarriko duen banda bat eta swing talde bat bilduko dira 19:00etan Udaletxeko Plazan, eta ikuskizun bat egingo dute laurak elkarrekin. Ondoren, hiriko kaleetan zehar ibiliko dira, bakoitza bere aldetik.

Ordu eta erdi geroago, 20:30ean, Gazteluko Plazan elkartuko dira berriro, arratsaldeari amaiera emango dion erakustaldia egiteko.