Gizartea
XXVIII. Kongresua Bilbon
4.600 familia medikuk suizidioak nola eragotzi nahiz covid iraunkorra nola tratatu aztertuko dute Bilbon
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ekainaren 7tik 11ra Medikuntza Orokorrari eta Familiari buruzko XXVIII. Kongresu Nazionala egingo da Bizkaiko hiriburuan. 1.600 profesional bertaratuko dira eta beste 3.000k parte hartuko dute online, 140 ponentzia aurkeztuko diren foroan.
-
Lehen Arretako mediku bat lanean. EITB Mediaren bideo batetik hartuko irudia.
Ia 5.000 familia medikuk parte hartuko dute datorren astean Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den Medikuntza Orokor eta Familiari buruzko XXVIII. Kongresuan. Gai asko jorratuko dituzte baina tarte nabarmena eman diote suizidioaren prebentzioan osasun zentruek izan dezaketen paperari eta covid iraunkorrari buruz ezagutzen dena zabaltzeari.
Kongresua Mediku Orokor eta Familiakoen Espainiako Elkartearen (FIFSEMG) Ikerketa eta Prestakuntzarako Fundazioak antolatu du, eta bertan 1.600 medikuk hartuko dute parte presentzialki eta beste 3.000 profesionalek online, 140 ponentziatan.
Osasun mentalak protagonismo berezia hartuko du kongresu honetan, osasun-zentroetan horrelako arazoak dituzten pazienteak areagotu egin baitira. Izan ere, pandemiak osasun mentala nabarmen hondatu duela agerian geratu da, nerabeena bereziki.
Kongresuan komorbilitateak dituzten paziente kronikoen egoera ere aztertuko da, pandemiak eragin duen geldialdiaren ondoren. 2021ean bakarrik tumoreen % 20 diagnostikatzeari utzi zaiola kalkulatzen da, adibidez.
Txertoei buruz ere hitz egingo da, bai eta seneszentziari edo zahartze-prozesuari buruz ere, eutanasiari buruz, Lehen Mailako Arretako diagnostiko-teknika berriei buruz, min akutu eta kronikoari buruz, zainketa aringarriei buruz eta aurretiazko borondateei buruz ere, besteak beste.