Gizartea
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Murillo: "Getxokoaren ondoren, Elorrio eta Leioako egoitzetan pixkanakako prozesu batekin hasiko gara"
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Adinekoen egoitzetan eredu berria ezartzearen harira Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuak azpimarratu du gaur egun 500 plaza daudela jada prozesuan, eta, 226 plaza baimendu direla dagoeneko. Uste du hori dela etorkizuneko eredua adinekoen zentro guztietan.
-
Sergio Murillo, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua
Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatu Sergio Murillok iragarri duenez, Getxoko adinekoen egoitzan eredua ezarri ondoren, orain Leioa eta Elorrioko zentroak bizikidetza-unitate bihurtzeko prozesuei ekingo diete. Hori bai, "pixkanaka" egingo dutela nabarmendu du.
Egoitzak bizikidetza-unitate bihurtzen ari dira Bizkaian. Getxoko Jesusen Bihotza egoitza izan da zentro osoa bizikidetza-unitate bihurtzeko prozesua amaitu duen Bizkaiko adinekoen lehen egoitza, eta handik egin diote, hain justu, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan Murillori elkarrizketa.
Nabarmendu du adinekoen egoitza guztietan ezar daitekeen eredua dela. "Ikuspegia aldatzea da kontua. Ondo prestatutako profesionalen asistentzia indartsua izateaz gain, etxean bezala sentitzeko ideia hori bultzatu behar da", esan du.
Bizkaiko Foru Aldundiak 185 milioiko inbertsioa aurreikusi du 2023ra arte, zainketen trantsiziorako planean, egoitzetan zein etxean "eredu pertsonalizatuagoa" lortzeko. "Hori da etorkizuna", adierazi du Murillok: izan ere, horren arabera, "mendekotasunen bat izanda ere, denok etxean bizi nahi dugu, eta ez ospitale batean".
Nahiz eta egoitza batzuetan aldaketa horiek % 100ean egitea ezinezkoa izan, batez ere arkitekturari dagokionez, gainerako guztian uste du egokitzapena posible dela: "Etxera sartzeko txirrina jotzearena, gela pertsonalizatzearena, hau da, gustatzen zaiena oinarri hartuta pertsona horien eguna diseinatzearena", horretarako aukera badagoela uste du Murillok.
Gaineratu duenez, "pertsona bat egoitza batean sartzen denean, bizitzaren beste etapa bat hasten da, bai, baina gure biografiarekin jarraitzen dugu, eta hori txertatu behar dugu". Hobeto azaltzeko, Getxoko Jesusen Bihotzean bizi den Emiliaren adibidea jarri du: "Emiliari baratze bat jarri diogu bere gelan, hori baita lehen gustatzen zitzaiona".
EtxeTIC ereduari buruz galdetuta (eguneko zentro baten arreta eta teknologien bidez etxez etxeko arreta uztartzen dira, menpekotasun egoeran diren pertsonentzako), adierazi du oso harrera ona izaten ari dela. Hala, Bilboko Etxaniz zentroaren ostean, Zallan edo Basaurin ere obrak prestatzen ari direla adierazi du.