Gizartea
Hondartza
Hasi da hondartza denboraldia Bizkaian eta Donostian
EITB Media
Gipuzkoako gainerako hondartzetan ekainaren 15ean hasiko da, eta Lapurdikoetan eta Arabako urtegietan, berriz, hilaren 18tik aurrera joango dira, gutxinaka, zerbitzuak martxan jartzen.
Oraindik ofizialki udaberrian bagaude ere, hasi da hondartza denboraldia Bizkaian eta Donostian. Zehazki, gaur hasi eta irailaren 30era arte luzatuko da. Denboraldi honetan jada ez da izango aurrekoetan pandemiagatik ezarritako murrizketarik. Gipuzkoako gainerako hondartzetan ekainaren 15ean hasiko da, eta Lapurdikoetan eta Arabakoetan, berriz, hilaren 18tik aurrera joango dira, gutxinaka, zerbitzuak martxan jartzen.
Aurten 269 pertsona ariko dira zaintza- eta garbiketa-lanetan. Berrikuntza nagusi gisa, zenbait hondartzatan eguzki-energiaz elikatzen diren eta hondakinak trinkotzen dituzten paperontzi adimendunak instalatu dira eta lagundutako bainu zerbitzua denboraldi osoan zehar eskainiko da, orain arte ez bezala.
154 sorosle (koordinazio-lanak egingo dituzten beste 15 pertsona) eta hondartzainez osatutako talde bat egongo da, eta, gainera, garbiketa lanetan 91 profesional arituko dira.
Lagundutako bainu-zerbitzua Bizkaiko sei hondartzatan eskainiko da: Areetan, Ereagan, Laidatxun. Plentzia-Gorlizen, Isuntzan eta Arrigorrin. Berrikuntza gisa, aurten irailera arte luzatuko da, eta, beraz, uztailaren 1etik denboraldia ixten den egun berera arte erabili ahal izango da. Aldundiaren BizkaiUP aplikazioaren bidez uretara joateko hitzordua erreserbatu ahal izango da, baina erabiltzaileen erregistroa aurrez aurre egingo da zerbitzua emango den hareatzetan horretarako prestatutako karpetan.
Aurten, ez da paperontzirik edo bidoirik jarriko hondarretan, hondartzetarako sarbideetan baizik. Gainera, gehien urbanizatutako hondartzetan, erabiltzaileek sortzen dituzten hondakinak biltzeko ohiko paperontziekin batera, zakarrontzi adimendunak jarriko dira. Edukiontzi horiek Areetan, Ereagan, Arriatera-Atxabiribilen, Plentzian, Gorlizen, Bakion, Laidatxun, San Antonion, Laidan eta Lagan, Isuntzan, Karraspion eta Arrigorrin jarriko dira.
Denboraldia ekainaren 1etik irailaren 30era arte luzatuko da Bizkaian, 11:00etatik 20:00etara.
Donostiako hondartzak
Udako denboraldia ekainaren 1ean hasi eta irailaren 30ean amaituko da Donostiako hondartzatan. Hala ere, zerbitzu batzuk, ohi den bezala, ekainaren 15ean hasi eta irailaren 15ean amaituko dira.
Aurten berriro ere erabilgarri izango dira eguzki-oihalak, Kontxako aulkiak, eta gabarroiak.
Sorospen zerbitzua BPXport enpresaren esku egongo da aurten ere. Guztira, 29 pertsona izango dira hondartzetan, eta operatiboaren arduradun bat hondartza bakoitzean. Zazpi sorosle izango dira Kontxako hondartzan, sei Ondarretan, bat Santa Klaran eta bederatzi Zurriolan. Horiei sorospen-zerbitzuko koordinatzaile orokor bat eta uretako motoko bi patroi gehitu behar zaizkie.
Lagundutako bainu zerbitzua ekainaren 15etik irailaren 15era eskainiko da Kontxako hondartzan, 11:00etatik 19:30era.
Arabako hondartzak
Arabako bi hondartzatan (Garaio eta Landa) ekainaren 18an hasiko da bainu denboraldia. Egun horretatik aurrera eta irailaren 4ra arte sorospen zerbitzua egongo da.
Aurten ere, Arabako hondartzek bandera urdina izango dute.