Gizartea
Sexu-erasoa Lasarte-Orian
EAEko Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako bortxatzailearen helegitea atzera bota eta 9 urteko zigorra berretsi du
Agentziak | EiTB Media
37 urteko gizonak, bi alabaren aitak, aurretik sei epaiketa ditu sexu-erasoengatik. 2012tik 2019era Gipuzkoan egindako erasoengatik epaituko dute.
-
Gipuzkoako ustezko bortxatzaileak sei epaiketa ditu aurretik. Artxiboko argazkia: EFE
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) Gipuzkoako bortxatzailearen defentsak aurkeztutako helegitea atzera bota eta 9 urteko kartzela-zigorra berretsi du. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren erabakiaren aurka errekurtsoa aurkeztu zuen abokatuak, 2015eko urtarrilean, Lasarte-Orian gertatutako sexu-erasoaren harira.
Epaiketa otsailean egin zuten Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, Donostian. 37 urteko gizonak, bi alabaren aitak, aurretik sei epaiketa ditu sexu-erasoengatik. 2012tik 2019era Gipuzkoan egindako erasoengatik epaituko dute.
Ahozko saioan, akusatuak Lasarte-Oriako erasoa onartu zuen, baina gogoratzen ez zuela erantsi zuen. 2015eko urtarrilaren 1ean, erasoaren biktimak 21 urte zituen.
Zigortuak bi apelazio-helegite aurkeztu zituen iragan apirilean, 9 urteko espetxe-zigorraren zein Beasainen beste emakume bati egindako erasoagatik ezarritako kartzelaldiaren aurka. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak 15 urteko espetxealdia ezarri zion orduan. Konkretuki, bi zigorrak murriztea eskatu zuen abokatuak.
EAEko Auzitegi Nagusiak, ostera, "akusatuaren erruduntasuna aitortzeko nahikoa froga" daudela erabaki du. Maiatzaren 26ko epaiaren aurka kasazio-helegitea aurkezteko aukera dute bost eguneko epean.
Sententziaren arabera, akusatuaren semen hondarrak bildu zituzten prozesuan, eta horrek "baginatik haragizko harremanaren hipotesia" indartzen du, zigorra mantenduz, "sexu-erasoa penetrazioarekin" izan zelako.
Gipuzkoako Auzitegiak 25.000 euroko kalte-ordaina ezarri zion akusatuari. 14.000 eurora murrizteko eskaera egin zuen abokatuak, baina EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du.
EAEANk azpimarratu duenez, "sexu-erasoak biktima gaztearen bizitzan utzi duen arrasto sakona begi-bistakoa da". "Kalte psikologiko eta morala eztabaidaezina da", erantsi du. Horregatik, 25.000 euroko kalte-ordaina baieztatu du.